Gizartea -
Eguraldia Euskadin
Giro goibel eta hezeak asteartea arte iraungo du
Elur-maila 800 metrotan dago. Astea eguraldi berberarekin hasiko dugu, baina astelehen gauean elur-maila 1.300 metrora igoko da.
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak haizeagatik ezarrita zegoen alerta gorria bertan behera utzi du, baina indarrean dago metro koadroko 60 litro baino gehiagoko euriteengatik jarritako abisu horia eta 800 metrotan izango da elur-maila.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandeko eguraldia ezegonkorra eta ezatsegina izango da. Ipar-mendebaldeko haizeak ahultzera egingo du, behintzat, baina Nafarroako hegoaldean, Ebro ibarretik gertu, ziertzoak gogor jo dezake oraindik.
Tenperatura hotza izango da eta maximoek ez dute 10 ºC-ko muga gaindituko; elur-kota 800 metrotan mantenduko da egun osoan. Prezipitazioa, dena den, ez da hegoalderaino ailegatuko, iparraldean geratuko da; hor zaparradak ugariak izango dira eta egunaren lehenengo partean ekaitzak ere jo dezake.
Astelehenean euria egiten jarraituko du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, kantauri isurialdean eta ekialdean bereziki. Elur-kota 1000 m-tik 1300 m-ra igoko da gauean. Ipar-mendebaldeko haizeak indartsu joko du kostaldean. Tenperatura maximoak igoko dira eta 12-13 ºC-ren inguruan ibiliko dira kostaldean eta 6-8 ºC-ren bueltan barnealdean.