Gizartea -
Lanuztea Metro Bilbaon
Jaurlaritzak Bilboko metroko gatazka konpontzeko bilera deitu du
Metro Bilbaoko zuzendaritzak esan duenez, zerbitzu minimoak betetzen ari dira eta ez da aparteko gertakaririk izan. Halaber, Santo Tomas egunerako 24 ordutako greba deitu dute sindikatuek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak Bilboko Metroko zuzendaritzarekin eta enpresa batzordearekin bilera egingo du gatazkari irtenbidea bilatzeko edo bitartekari lana egiteko, komunikatu batean adierazi duenaren arabera.
Sindikatuetako ordezkariek bilerara joateko asmoa dutela adierazi dute. Hitzordua datorren ostegunean Enplegu Sailak Bilbon duen bulegoan izango da. Horrez gain, sindikatuetako bozeramaileek adierazi dutenez, "konponbidea bilatzeko edozein ekimenetan parte hartzeko prest daude".
Metro Bilbaoko zuzendaritzak azaldu duenez, hiru ordutako lanuztea iragarrita zegoen astearte honetan zerbitzu minimoak betetzen ari dira eta ez da aparteko gertaerarik izan. Lanuzteak 09:45ean hasi eta 12:45ak arte luzatuko dira. 11:00etan langileek elkarretaratze bat egingo dute Metro Bilbaoko egoitzaren aurrean.
Gaurkoa joan den azarotik sindikatuek antolatutako bosgarren lanuztea izango da.
Azkunak San Tomaseko lanuztea "iraingarria" dela uste du
Iñaki Azkuna Bilboko Alkateak Bilboko metroko enpresa batzordeko presidentearekin "nazkatzen hasi" dela esan du eta "Iñaki Prego Jauna"ri (metroko kontseilari delegatua) "arazoa konpontzeko" eskatu dio, "iraingarria baita San Tomas egunean lanuztea egitea".