Gizartea -
Osasun gatazka
Arabako Errioxako pazienteak artatzeko eskatu dio Errioxari Gobernuak
Errioxako Gobernuaren jarrerak "bi erkidegoen arteko isileko itunaren aldebakarreko haustura suposatzen" duela uste du Osasun Ministerioak.
Erredakzioa
Arabako mugan dauden udalerrietako pazienteak Logroñoko zentroetan ez artatzeko agindua bertan behera uzteko eskatu dio gaur Errioxako Gobernuari Osasun Ministerioak.
Helburu horrekin, "aurretik zen egoera berriz ezartzeko" eskatu dio Errioxako Exekutiboari Gobernuak.
Errioxako Gobernuaren jarrerak "bi erkidegoen arteko isileko itunaren aldebakarreko haustura suposatzen" duela uste du Osasun Ministerioak.
Administrazio publikoen arteko harreman eta ekimen guztiak zuzendu behar dituen leialtasuna "urratu" dutela uste du Osasun Ministerioak. Gainera, osasun zerbitzua berdintasunez jasotzeko eskubidea "hautsi" dela erantsi du Espainiako Gobernuak.
Konkretuki, Biasteri, Oion eta Bastitako pazienteak jarri ditu adibidetzat Osasun Ministerioak. Gasteizera joateko zituzten zailtasun geografikoak zirela-eta Logroñoko osasun zentroek artatu ohi zituzten.
Erkidegoetako exekutiboek "eskumenak modu eraginkorrean erabiltzeko beste administrazioen lankidetza" beharrezkoa dela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoak.
Osasun akordioa aldatzeko aukera
Errioxak eta Euskadik osasun akordioa "aldatzeko edo bertan behera uzteko" aukera dutela onartzen du Osasun Ministerioak, "bi aldeak asetzen ez dituen adostasunik lortu ezean beti ere".
Hala ere, edozein aldaketa legedia eta oinarriak jarraituz egin behar dela ohartarazi du Gobernuak, eta aldaketa "aztertzeko gutxieneko denbora" eman behar zaio Euskadiri.
Bestalde, Araba hegoaldeko udalerrietako ordezkariek txosten bat egiteko agindua eman dute, egoeraren "arduraduna" nor den zehazteko eta ekintza juridikoak "Errioxako Gobernuaren, Jaurlaritzaren ala Estatuaren aurka" martxan jartzeko.