Gizartea -

Osasun gatazka

Abortuak EAEra bideratu nahi izatea egotzi dio lehendakariak Errioxari

Pedro Sanz Errioxako presidenteak honako proposamena helarazi dio Jaurlaritzari: Osakidetzak 500 emakume errioxarren abortuak egiten baditu Errioxak EAEko gaixoak artatuko ditu.

Patxi Lopezek abortuak gainetik kentzeko asmoa ikusten dio Pedro Sanzi. Argazkia: EITB
Patxi Lopezek abortuak gainetik kentzeko asmoa ikusten dio Pedro Sanzi.
Osasun gatazka: Lopezek kritika zorrotzak egin dizkio Sanzi

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak abortuak EAEra bideratu nahi izatea leporatu dio Pedro Sanz Errioxako presidenteari, izan ere, Errioxako Gobernuak 500 emakume errioxarren abortuak Euskadin egitearen truke Arabatik joandako gaixoak artatuko dituela proposatu dio Jaurlaritzari.

Lehendakariak agerraldia egin du Legebiltzarrean Errioxako Gobernuak Arabako gaixoak artatzeari utzi ondoren sortu den polemikaz hitz egiteko.

Lehendakariak esan du Errioxako Gobernuaren jarrera eta presidentearena bereziki "erabat onartezinak" direla, osasun zerbitzua jasotzeko eskubide unibertsalaren kontra doalako.

Lehendakariaren esanetan, "badirudi Sanzi ez zaiola gustatzun emakumeek bere erkidegoan abortatu ahal izatea, baina legalki ezin duenez debekatu, bere erkidegotik kanpora bidali nahi ditu abortuak".

Lehendakariak lehenengo aldiz hitz egin du osasun gatazka honen inguruan eta oso kritiko agertu da Errioxako Gobernuaren eskaintzarekin.

Patxi Lopezek berretsi du ez diola Sanzi "euskal herritarren osasunarekin jolasten utziko".

Bestalde, gatazka honen kontura Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen "isiltasun lotsagabea" gaitzetsi du lehendakariak. Hori dela eta, Rajoyri eta Leire Pajin jarduneko Osasun ministroari gutuna bidali die berehala esku har dezaten eta Arabako gaixoak Errioxako ospitaleetan arta ditzaten.

Doako garraioa

Era berean, arabar Errioxako herritarrak Gasteizen artatzeko doako garraioa jar diezaietela eskatu du lehendakariak eta Rafael Bengoa Osasun sailburuari eman dio Arabako Aldundiari eskakizun hori egiteko ardura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea