Gizartea -
Ministroen Kontseilua
Zapateroren Gobernuak ez du 'Sinde Legea' onartu
Ministroen Kontseiluak Legea garatzen duen dekretuari heldu dio gaur, baina ez dute onartu. Dena den, "mahai gainean" jarraitzen duela adierazi dute.
Erredakzioa
Ministroen Kontseiluak, aurreikusitakoaren kontra, ez du onartu “Sinde Legea” garatzen duen araudia. Eztabaidagai izan duten arren, "mahai gainean jarraitzen du".
Ministroen Kontseiluaren bileran Ekonomia Iraunkorraren Legeak jasotzen duen “Sinde Legea” delakoaren araudia eztabaidatu eta gero jakinarazi du berria Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak.
Ramon Jauregui jarduneko Presidentzia ministroak Ministroen Kontseiluak “Sinde Legea” garatzen duen dekretuari helduko ziola ziurtatu du goizean, eta PPren "erabateko adostasuna" zutela gaineratu du.
Ekonomia Iraunkorraren Legearen azken xedapena, “Sinde Legea” izenaz ezagutzen dena, joan den martxoan onartu zuten Diputatuen Kongresuan, eta araudia onartzeko dago. Legea urriaren amaieran igorri zen Estatu Kontseilura eta Ministroen Kontseiluak Errege Lege Dekretu bidez onar dezake edozein unetan.
Internet sarea aztoratuta
Sinde Legeak autore eskubidez babestuta dauden edukiak lotzen dituzten webguneak ixteko aukera ematen du. Kazetariak, blogariak, erabiltzaileak eta Interneteko sortzaileak, beste behin, Legearen aurka azaldu dira Interneteko sare sozialetan.
2009ko abenduaren 2an Interneteko oinarrizko eskubideak defendatzeko agiriarekin egin bezala, gaur sareko erabiltzaileek legearen kontrako mezuak idatzi dituzte, 'Jarduneko Gobernu batek ezin du Sinde Legea onartu' dioen manifestua zabaldu dute.
Sortzaileak, etsita
Jose Manuel Tourne Edukien Industriako Sortzaileen Koalizioko zuzendariak Sinde Legea aurrera ateratzeko "beste saiakerarik egongo ez den" beldur da.
"Gobernu serio eta ausart batekin gauza hauek ez lirateke gertatuko", esan du Tournek. "Etsita" dagoela adierazi du, baina "PPren gobernu berriak jabetza intelektualaren defentsan zerbait egingo duen" itxaropena ez du galtzen.