Gizartea -

Osasun gatazka

Jaurlaritzak apurtutzat jo ditu Errioxarekin abiatutako negoziazioak

Osasun Sailak gatazkan esku hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta osasun zerbitzuaren "kohesio nazionala" arriskuan jartzea egotzi dio Errioxari.

Rafael Bengoa, Osasun Sailburua. Argazkia: EITB.
Osasun gatazka: Jaurlaritzak apurtutzat jo ditu negoziazioak

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du Errioxak osasun zerbitzuaren "kohesio nazionala" arriskuan jarri duela Arabar Errioxako herritarrei zerbitzua ukatzeagatik.

Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurreko batean, Bengoak iragarri du apurtutzat ematen dituztela negoziazioak, eta Osasun Ministerioari esku hartzea eskatu diotela.

Osasun gatazka irailean hasi zen, Errioxa arabarrei osasun zerbitzua ukatzen hasi zenean. Arabar Errioxako herritarrak Logroñoko ospitalera joan ohi dira, Gasteizkoa baino hurbilagoa baitute.

Gogoratu beharra dago Osakidetzak Errioxako, Kantabriako, Burgosko eta Nafarroako 14.000 pertsona artatzen dituela, inolako ordainsaririk gabe.

Gaur bertan amaitu egin da bi erkidegoen artean akordioa lortzeko jarritako epea.

Bengoak deitoratu du demokraziaren historian lehen aldiz pazienteak "helburu politikoekin" erabilitzen ari direla, eta orain arte Errioxan artatutako 9.000 euskal herritarrak "bahitua" izatea leporatu du.

Sailburuak "euskal herritarren aurkakoa" izatea egotzi dio Pedro Sanz Errioxako presidenteari, eta beste erkidegoetako pazienteak artatzeagatik ordain ekonomikoak eskatzea "onartezina" dela gaineratu du, osasun zerbitzua zatitzea baita.

Hori horrela, Jaurlaritzak premiazko bilera deituko du mugan dauden gainerako erkidegoekin, Errioxaren jarrera aztertzeko. Izan ere, akordio globala lortu ezean, Nafarroarekin, Gaztela eta Leonekin eta Kantabriarekin duen osasun harremana aztertu egin beharko dela agertu du.

Gaur Mariano Rajoy PPko presidente autonomikoekin batzartuko dela eta, Bengoak ikusmina agertu du.

Giltzurrun transplanteak

Bengoak eta Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak azaldu dutenez, hitzarmen honek osasun arloko langileen formakuntzarako balio du, Errioxan transplantea egin ezin dieten gaixoei laguntzeko eta giltzurruna behar duten gaixoen itxaron zerrenda bateratua egiteko.

Edonola ere, oraingoz, hitzarmena airean geratze horrek asistentzian eraginik ez duela izango esan du.

Errioxaren erantzuna

Dena dela, Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariak esan du ez duela "ohar ofizialik" jaso Jaurlaritzarekin zituen negoziaketak amaitu direla jakinarazteko.

Are gehiago, Nietok azaldu du "hedabideetan" izan duela albistearen berri.

Hala eta guztiz ere, Nieto "edozein momentutan negoziatzen jarraitzeko prest" agertu da, baina gogorarazi du Errioxak dituen baliabideekin "ezinezkoa" dela "EAEtik eta Nafarroatik etorritako 30.000 pertsona artatzea, beraz, oreka bat bilatu behar da zerbitzuak eskaintzerakoan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea