Gizartea -
Osasun gatazka
Bengoak Errioxa kritikatu du arabar bati anbulantzia ukatzeagatik
Errioxako Exekutiboari "irizpide independistetan" oinarritu eta asistentzia bertan behera utzi izana leporatzen dio.
Erredakzioa
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan duenez, Eltziegon atzamarra moztu eta errioxar Osasun zerbitzuak anbulantzia ukatu zion emakumezko arabarraren kasua gertaera "larria da".
Irizpide "independentistak" oinarritzat hartu eta Errioxako mugatik gertu bizi diren arabarrei asistentziarik ez ematea erabaki izana leporatu dio Bengoak Errioxako Gobernuari.
Antza denez, emakumezkoa Logroñoko San Pedro Ospitalera eraman zuten. Ospitale hori gertaeraren lekutik dagoen hurbilena da; 12 kilometrora, hain zuzen. Zentro horretan ez dute mikrozirugia zerbitzurik eta, ondorioz, zauritua berez zegokion erreferentzia zentrora eramatea erabaki zuten: Donostiako Ospitalera.
Informazio horren arabera, Errioxako Osasun zerbitzuak pazientea bere anbulantzietan ez eramatea erabaki zuen. Ondorioz, anbulantzia Gasteiztik ekarri behar izan zuten. Guztia kontuan hartuta, bost ordu pasa ziren emakumezkoari ebakuntza egin ziotenerako.
"Paziente honekin gertatutakoa larria da, larrialdi batez hitz egiten ari garelako", azpimarratu du Bengoak.
Erantzun baten zain
Bestalde, Osasun sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritza Pedro Sanzen Gobernuaren erantzunaren zain dago; Jaurlaritzak proposamen bat aurkeztu baitzien errioxarrei akordio batera heldu eta Arabako pazienteei asistentzia berrezartzeko.