Gizartea -
Gertakizuna
Gizon bat sastatuta hil da Portugaleten; bost pertsona, atxilotuta
Atzemandakoen artean hilketaren ustezko egilea dago. Herriko alkateak esan du gertatutakoa "kontu-garbiketa" izan litekeela.
Erredakzioa
Berrogeita zazpi urteko gizonezko bat hil egin da gaur goizaldean Portugaleten, etxebizitza batean norbaitek sastatuta, Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.
Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu, tartean hilketaren ustezko egilea.
Guztiak, biktima eta atzemandakoak, txinatarrak dira, aipatu iturrien arabera.
Hilketa 01:00etan jazo da, Portugaleteko erdiguneko etxebizitza batean. Ordu horretan biktima sastatu egin dute, eta handik eta gutxira hil da, anbulantzian zihoanean.
Ertzaintzak atxilotu egin ditu etxebizitzan zeuden lau pertsonak. Halaber, handik eta ordu batzuetara, Santurtziko Portuaren inguruetan, hilketaren ustezko egileam 37 urteko gizon bat, ere atzeman du.
Etxebizitzan odol arrastoak zituen ganibet bat atzeman dute. Homizidioa gauzatzeko arma izan liteke.
Kontu-garbiketa
Mikel Torres Portugaleteko alkateak azaldu duenez, badirudi gertatutakoa "kontu-garbiketa" bat izan dela.
"Txinatar-elkateak oso lasaiak dira eta ez dituzte bizikidetza arazoak sortzen, baina imajinatzen dut etxebizitzan nazionalitate horretako pertsona asko bizi zirela, eta borrokaren edo kontu-garbiketaren bat izan dutela", gaineratu du.
"Ez zuten inolako harremanik gainerako bizilagunekin"
Etxebizitzako bizilagunak "ongi hezitakoak" zirela, baina gainerako auzokoekin harremanik ez zutela adierazi dute bertakoek.
Hilketa gertatu den alokairuko pisuan Txinako dozena bat lagun bizi zirela azaldu dute auzokoek. Horietako batzuk bizilagun "finkoak" ziren, baina beste batzuek "joan-etorriak" egiten zituzten, lekukoen arabera.
Ongi hezitako pertsona adeitsuak zirela adierazi dute elkarrizketatutako lau auzokoek, baina inolako harremanik ez zutela gaineratu dute.