Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
'Beldur barik', gazteei emakumeen kontrako indarkeriaz ohartarazteko
Kanpaina horren baitan, Donostian 'Topaketa Beldur Barik 2011' egingo dute eta emakume gazteek kolektibo feministen esperientzia ezagutzeko aukera izango dute bertan.
Erredakzioa
Eudelek, Emakundek, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek 'Beldur Barik' zeneko kanpaina jarri dute abian, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Kanpaina gazteei zuzenduta dago, izan ere, EAEn tratu txarrak jasan dituzten emakumeen % 36k 30 urte baino gutxiago zituzten.
Donostian emandako prentsaurreko batean Ibone Bengoetxea Eudelen presidenteak azaldu duenez, aurtengo kanpainaren helburua "euskal gazteen artean berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko maitasun eta sexu harremanak sustatzea izango da".
Begoetxearen esanetan, 2010ean tratu txarrak jasan zituzten emakumeen % 36tik gora 30 urtetik behera zituzten.
Maria Silvestre Emakunderen zuzendariak, bere aldetik, indarkeria egoerei aurre hartzearen eta 12 eta 26 urte arteko emakumeekin lan egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren harira, Hezkuntza Sailari eta Euskal Herriko Unibertsitateari esker "eskoletako eta unibertsitateetako ateak irekita" izan dituztela adierazi du.
'Topaketa Beldur Barik 2011'
'Beldur Barik' lehiaketaren arrakastaren ondoren (260 lan baino gehiago aurkeztu dituzte), datorren larunbatean 'Topaketa Beldur Barik 2011' ospatuko da Donostian eta emakume gazteek kolektibo feministen esperientzia ezagutzeko aukera izango dute bertan.
Larunbatean, 11:30ean, hasiko dira ekitaldiak Donostiako Emakumearen Etxean eta egun osoan iraungo du tailerrekin, musika kontzertuekin eta herri-bazkariarekin.