Gizartea -
Hezkuntza
Selektibitatea egin zutenen % 96k gainditu egin zuten
Hamarretik seik euskaraz egin zuen azterketa, 2010ean baino % 1,5 gehiagok.
Erredakzioa
EAEn selektibitate azterketa egin zuten 10.164 ikasleetatik 9.702k gainditu egin zuten, % 95,6k hain zuzen ere, Eustatek jakitera eman duenez. Batez besteko nota, batxilergoko notarekin batuta, 6,8koa izan da. Hizkuntzari dagokionez, % 61ek euskaraz egin zuen, iaz baino % 1,5 gehiago.
Ekainean 8.517 ikaslek egin zuten selektibitatea eta % 96k gainditu zuen; uztailean 1.718k egin zuten eta % 89k lortu zuen gainditzea.
Emakumezko gehiago aurkeztu ziren azterketara. Gizonezkoen % 95,6k gainditu zuen azterketa eta emakumeen % 95,3k; baina batez besteko nota hobea lortu zuten emakumeek (6,9) gizonezkoek (6,7) baino.
Jatorriari dagokionez, eskola pribatuetako ikasleen % 96,4k gainditu zuten selektibitatea eta eskola publikoen kasuan bi puntu baxuagoa da portzentaia.
Hizkuntz ereduen artean aldea egon da, izan ere D ereduan (euskaraz) ikasi dutenen % 97,1ek lortu zuen gainditzea eta A ereduan ikasi dutenen % 92,9k.
Lurraldeetan emaitza onena Gipuzkoak lortu zuen % 96,4k gainditu baitzuen, Araban % 95,6k eta Bizkaian % 94,7k.