Gizartea -
Sutea Profusa enpresan
Barakaldon su hartu duen enpresaren gasa ateratzeko lanean ari dira
Sutea kontrolpean dago eta istripua izan duen tangan geratu den gas natural poltsa ateratzeko lanak hasi dituzte suhiltzaileek.
Erredakzioa
Barakaldoko (Bizkaia) Profusa enpresako tangan geratu den gasa ateratzeko lanak hasi dituzte Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileek. Lantegian sua piztu da gaur. Hori dela eta, etxetik atera behar izan diren bizilagunak gaua kanpoan pasatzea erabaki dute arduradunek.
Herrizaingo Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 20:00ak aldera sutea kontrolpean geratu da eta suhiltzaileek istripua izan duen tangan geratu den gas natural poltsa ateratzeko lanak hasi dituzte.
Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute Barakaldoko Profusa enpresako gas-tanga batean piztutako sutea amatatzeko, baina egoera kontrolpean dute. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, suhiltzaileak gas poltsa bat kentzen saiatzen ari dira.
Suteak bi langileri zauri arinak eragin dizkie gaur goizean. Horrez gain, leherketa izateko arriskua ikusita, herri horretako zortzi etxebizitza hustu dituzte eta ingurunea itxi dute. Hala ere, arratsaldeko, 17:00ak aldera, enpresako zuzendaritzak esan du ez dagoela leherketa izateko arriskurik.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, sutea goizeko 11:40an hasi da, Profusa enpresan, Zubileta auzoan. Gas-tangak lehertzeko arriskua zegoela ikusta, ingurua ixtea erabaki dute. Horrez gain, enpresatik hurbil dauden zortzi etxebizitza hustu dituzte, hamar bat pertsona kalera aterata.
Enpresak jakinarazi duenez, sutearen ondorioz bi langile zauritu dira. Hala ere, langileak bere kabuz joan dira ospitalera.
Lantegian, suhiltzaileak lanean ari dira sua itzaltzeko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetako kideekin batera.
Iragan martxoan, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak enpresa horri espedientea ireki zion, emisio kutsatzaileak egitea leporatuta. Ustez emisio horiek izan ondoren, Bilboko eta Barakaldoko hainbat auzotarrek kalteak salatu zituzten.
Bizilagunak kezkati
Auzoko bizilagunek aipatu dute atzotik zegoela gas usain "sendoa" enpresaren inguruetan.
Gas-tangatik hurbilen dagoen etxean bizi den Erbixe Sasia 78 urteko emakumeak azaldu du auzokide batek ohartarazi ziola. Garrak etxetik ikusi zituen suhiltzaileak heldu eta etxeak uzteko eskatu zieten arte.
Gertakariaren ingurura hurbiltzea sahiesten duen kordoi polizialean zeuden bizilagunek aipatu dute atzotik zegoela gas usain "sendoa".
Bertan bizi direnek aipatu dute "askotan" gertatu ohi direla horrelako gas isuriteak, eta horrelakoetan Ertzaintzak kontuz ibiltzeko gomendatzen diela, baina azkenaldian horrelakorik ez dela gertatu azaldu dute.