Gizartea -

Gertakizuna Bilbon

Santutxuko krimenaren egilea 'erabat erotuta' dago

Medikuek erasotzaileari egindako hasierako txostenen arabera, gaztea "erabat zoro" da. Herrizaingo sailburuak baieztatu duenez, gizonezkoak ez ditu aurrekari penal larririk.

Erasotzaileak 65 urteko gizonezkoa hil zuen. Argazkia: EITB
Santutxuko erasotzailea 31 urteko irandarra da eta, antza, artista

01:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan Santutxun 65 urteko gizonezko bat hil eta beste sei lagun arma zuri batekin zauritu zuen Irango gaztea "erabat erotuta dago", astearte honetan Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak baieztatu duenez.

Bilboko Udalaren aurrean egindako isilpeko elkarretaratzea amaitu ostean Aresek adierazpen batzuk egin ditu komunikabideen aurrean eta azaldu duenez, Santutxuko erasotzailea "erabat zoratuta dago", medikuek gazteari egindako hasierako txostenei aipamena eginda.

Sailburuak azpimarratu duenez, antza, "gazteak ez du aparteko harremanik Santutxuko auzoarekin". "Erasotzailea metroan zihoan eta litekeena da jazoera beste leku batean gertatu izana", adierazi du.

Halaber, Aresek baieztatu duenez, Irango gazteak ez ditu aurrekari penal "larririk". "Lagunen arteko liskarraren bat izan du", zehaztu du, "baina ezer larririk ez".

Herrizaingo Saileko buruak Eusko Jaurlaritzaren "babes, laguntasun eta hurbiltasun osoa" erakutsi die zaurituen senitartekoei eta "bereziki" hildakoaren familiari eta lagunei. Auzi honetan eman den auzokideen laguntza nabarmendu du Aresek, "kalte handiagoak eta zauritu kopuru handiago bat egon izana saihestu zuelako".

Aresen esanetan, "zoritxarrez, nahiz eta segurtasun neurriak berrindartu, atzo jazotakoa berriro gerta daiteke". "Antzeko gauzak munduko hainbat lekutan izaten dira eta baita hemen ere", gaineratu du. Aresek adierazi duenez, "egun ditugun neurriak eta azpiegiturak kontuan hartuta, Udalarekin operatiboak koordinatzen jarraituko dugu, segurtasun mailarik handiena bermatzeko".

Kamisetak disenaitzen zituen

Santutxun izua piztu zuen gaztea, 31 urteko irandarra, antza, artista da. Blog bat dauka bere izenean eta berak diseinatutako elastikoak ditu salgai, gizon eta emakumezkoentzat, 25 euroan. Halaber, duela urte batzuk Bilbao Arteko kamiseta serigrafia tailer batean hartu zuen parte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea