Gizartea -

Ezbeharra

Derion desagertutako emakumearen gorpua aurkitu dute

66 urteko emakumearen gorpua aurkitu dute gaur, asteazkena, eguerdian, Asua ibaian. Joan de larunbatean desagertu zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Mendi Brigadako agenteek iragan larunbatean Derion desagertutako 66 urteko emakumearen gorpua aurkitu dute gaur, asteazkena, eguerdian, Asua ibaian. Bilaketa lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologia Zuzendaritzako teknikari batek koordinatu ditu. Joan den larunbatean, hilaren 5ean, arratsaldeko hirurak aldera, Derioko 66 urteko emakume baten senideek desagertu egin zela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Hortik aurrera, eta beharrezko informazio guztia jasotakoan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologia Zuzendaritzako teknikari batek hura bilatzeko lanak dispositiboa abiatu zuen. Ertzaintzaren hainbat baliabide aritu dira horretan (mendi erreskateetarako agenteak, urpekariak, Ertzainor unitatekoak eta helikoptero bat, besteak beste) eta baita udaltzain, suhiltzaile eta osasun zerbitzuetako langileak ere. Hurrengo egunetan, hura bilatzeko lanean jarraitu zuten, ibaiaren inguruan batez ere, baina ur-mailak gora egiteak (igandean lau metroraino iritsi zen) zaildu egin ditu lan horiek. Gaur, asteazkena, goizeko hamaika eta erdiak aldera, Mendi Brigadako agenteek desagertutako emakumearen gorpua aurkitu dute aipatutako Asua ibaian, Derioko zubitik kilometro batera, gutxi gorabehera. Gorpua urpean zegoen, ibaiaren erdian, metro bateko sakoneran. Auzitegiko mediku bat bertaratu ondoren, Bizkaiko Auzitegi Medikuntzako zerbitzuetara eraman dute gorpua. Emakumea bilatzeko lanak oso zailak izan dira, ur-mailak oso gora egin baitzuen, urak nahasita zeudenez ez baitzegoen ikuspenik eta inguru horietan sasiak eta sastrakak baitira nagusi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea