Gizartea -
Nafarroa
Autoan 8,8 kilo kalamu zeramatzan gizon bat atxilotu dute Nafarroan
Ibilgailuaren maletategian aurkitu dute droga agenteek, hutsean ontziratutako bederatzi poltsatan. Droga-trafiko delitua egotzi diote gidariari.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Guardia Zibilak 35 urte dituen Iruñerriko gizonezko bat atxilotu du Zizurren (Nafarroa), osasun publikoaren aurkako ustezko delitua egotzita.
Guardia Zibilaren USECIC Herritarren Segurtasunerako Unitateko agenteek kalamu usaina atzeman zuten auto batean, prebentziozko kontrol bat egiten ari zirela. Hortaz, autoa sakon miatzeari ekin zioten.
Horretan ari zirela, hutsean ontziratutako bederatzi poltsa beltz aurkitu zituzten maletategian, kalamuz beterik: guztira 8,8 kilo. Drogaz gain, hutsean ontziratzeko makina bat, balantza digital bat, ontziratzeko poltsak eta 1.320 euro eskudirutan aurkitu zituzten.
Aurkikuntza hori egin ostean, Guardia Zibilak gidaria atxilotu zuen, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat (droga-trafikoa) egotzita. Atzemandako kalamua saltzeko prest zegoen, eta merkatuan 50.000 euro inguruko balioa izango luke.