Gizartea -

Urriaren 31an

Munduko biztanleria 7.000 milioitara iritsiko da

"Arrakasta da biziraupena luzeagoa eta osasuntsuagoa delako" dio txosten batek, baina "ezberdintasunak" daudela nabarmendu dute.

Populazioa 7.000 miliora iritsi da. Argazkia: photl.com
Populazioa 7.000 miliora iritsi da. Argazkia: photl.com
Populazioa 7.000 miliora iritsi da. Argazkia: photl.com

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko biztanleria 7.000 milioi pertsona izatera helduko da urriaren 31an, "inoiz lortu den kopururik handiena" eta "arrakasta" da UNFPA, Nazio Batuen Populazioarako Fubtsaren txosten baten ustez, "biziraupena luzeagoa eta osasuntsuagoa delako". Herrialde ezberdinen arteko eta herrialdean bertan dagoen bizi kalitatean, hala ere, ezberdintasun handiak daude.

"2011ko munduko biztanleriaren egoera" txostenean, "gizonezko, emakumezko eta haurren arteko eskubide eta aukeretan ezberdintasun handiak" daudela ondorioztatzen da.

Mundu osoko 7.000 milioi biztanleetatik, 893 milioik 60 urtetik gora dituzte eta mende honen erdian 2.400 izango dira. 25 urtetik beherakoak berriz, % 43 dira eta herrialde batzuetan % 60ra ere iristen dira. Beste datu esanguratsu bat: hamar lagunetik bat hirian bizi da eta 35 urte barru, hirutik bi izango dira hirietan biziko direnak.

Urtero 80 milioi lagun batzen dira munduko populaziora eta 13 urte barru, seguruenik 1.000 milioi gehiago izango dira. Nazio Batuek maiatzean aurkeztu zuten txosten baten arabera, 2050 urtean 9.300 eta 10.600 milioi pertsona inguru egongo dira munduan, eta mende hau amaitzerakoan, 10.000 milioiak gaindituko dira.

Baliabideen arazoa

"Lurraren espazioan ez dago arazorik", esan dute txosten honen aurkezpenean. "Arazoa baliabideak dira", gaineratu dute, horregatik "uraren erabilgarritasunean, jakien produkzioan eta energiaren sorkuntzan oreka mantendu behar da, aurrerakuntza teknologikoekin, esaterako", esan dute.

Populazioak duen hazkundea bizi itxaropenaren luzatzeagatik ( 50. hamarkadan 48 urtekoa zen eta mende honen lehen hamarkadan 68) eta haurren heriotza tasaren gutxitzeagatik gertatzen da (1.000 biztanletik 133 hildako 50. hamarkadan eta 46 hildako azken bost urtetan).

Garrantzia handia izan du baita ere ugalkortasunaren gutxitzeak, 6 ume izatetik 2,5era pasa gara. Hazkunde ekonomikoagatik, herrialdeen garapenagatik, arrazoi sozial eta kulturalengatik, emakumeak lan mundura sartzeagatik eta sexu hezkuntzagatik ere gutxitu da ugalkortasuna UNFPAren ustez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea