Gizartea -
Tolosan (Frantzia)
Hiru pertsona atxilotu dituzte, Barcinari tartak botatzea egotzita
Hiru ekintzaileek tarta bana bota zioten Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari Tolosan (Frantzia), Pirinioetako Lan Komunitatearen bileran zegoela.
Erredakzioa
Atzo Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari Tolosan (Frantzia), Pirinioetako Lan Komunitatearen bileran parte hartzen ari zela, hiru tarta jaurti zizkioten hiru pertsonak atxilotu ditu ostiral honetan Iruñeko Udaltzaingoak.
Nafarroako Gobernutik jakitera eman dutenez, atxiloketak gaur arratsaldean egin dituzte. Atxilotuetako bi espainiarrak dira; hirugarrena, aldiz, frantsesa.
Mugitu! Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduko kideak dira atxilotuak. Mugimendu horrek prentsaurreko bat emango du Iruñean arratsalde honetan bertan, ekintza hori zergatik egin zuten azaltzeko.
Atxiloketen berri izan baino zertxobait lehenago, Udaltzaingoa eta Frantziako Polizia batera erasoa nork egin duen ikertzen ari zirela adierazi du Gobernuak, eta ekintza "autoritatearen kontrako atentatutzat" har litekeela gaineratu dute.
Pirinioetako Lan Komunitatearen buruzagitzaz jabetzeko ekitaldian izan ziren gertakizunak, Tolosan. Pertsona talde batek hiru tarta bota zizkion Barcinari, eta horietatik bik aurpegian eta gorputzean jo zuten presidentea.