Gizartea -
Azaroaren 30a arte
Marta del Castilloren auziagatik epaiketa, Sevillan
Fiskaltzak 52 urteko kartzela zigorra eskatu du Miguel Carcañorentzat, hilketa, bortxaketa eta osotasun moralerako eskubidea urratzea leporatuta.
Erredakzioa
Marta del Castilloren bortxaketagatik eta hilketagatik epaiketa hasi da gaur Sevillako Auzitegian. 20 saio izango dira, 14 perituk, 89 lekukok eta lau akusatuk (Miguel Carcaño eta ustezko hiru konplizeek) egingo dute agerraldia.
Epaiketak ikusmin handia sortu du, 150 kazetari eta 40 komunikabide akreditatu dira jarraitzeko. Azaroaren 30a arte iraungo duen epaiketan neurri zorrotzak ezarri dituzte, besteak beste, ezingo dira saioa jarraituko den aretoan ordenagailu eramangarriak, tresna elektronikoak edota grabagailuak sartu, argazkilariek ere debekatuta daukate epaiketarako sarrera.
Marta del Castilloren gorpuak desagertuta jarraitzen du, hori dela eta, Miguel Carcaño hilketa aitortu zuen gazteari edota ustezko hiru konplizeei egozten zaizkien delituren bat absolbituko duten kezka eta arriskua dago.
Fiskaltzak 52 urteko kartzela zigorra eskatzen du Carcañorentzat bi delitu leporatuta, bortxaketa eta hilketa delitua eta biktimaren gurasoen osotasun moralerako eskubidea urratzea, gorpua non dagoen ez duelako oraindik argitu.
Horrez gain, Fiskaltzak ustezko hiru konplize akusatu ditu: Carcañoren anaia, Francisco Javier Delgado; bere bikotea, Maria Garcia; eta Samuel Benitez gaztea, ustez hilketa jazo zen etxeko aztarnak guztien artean garbitu zituztelako eta, ondoren, gorpua, neskatoa hiltzeko erabilitako kablea eta Martaren gauzak etxetik atera eta desagertarazten lagundu zutelako.
Joan den martxoan hain zuzen Adingabeen epaileak El Cuco bortxaketa eta hilketa delituetatik absolbitu zuen eta bi urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra baino ez zion ezarri Marta del Castilloren hilketa ezkutatzeagatik.
Epaiketak 20 saio izango ditu, Sevillako Auzitegian izango da, Javier Gonzalez magistratua izango da presidentea.