Gizartea -

Kordoban desagertutakoak

Haurren senideen etxean aurkitutako gorpuzkiak ez dira gizakienak

Poliziaren Unitate Zientifikoko agenteek miatutako etxeko lur-sailean aurkitutako aztarna biologikoak txakur hezurrak direla zehaztu dute. Guadalquivir ibaian ari dira desagertutako haurren bila.

Aitaren senideen etxe batean aurkitutako aztarnak ikertzen ari da Polizia. Argazkia: EFE
Aitaren senideen etxe batean aurkitutako aztarnak ikertzen ari da Polizia. Argazkia: EFE
Ruth eta Jose Kordoban desagertutako umeen bila jarraitzen dute

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak Kordoban desagertu ziren haurren aitaren aldekoen etxe batean aurkitu dituen gorpuzkiak ez dira gizakienak, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Aipatu iturriek azaldu dutenez, hezur hondakinak Madrilgo Polizia Zientifikoaren komisariara bidali dituzte azken froga egiteko, baina zakurrenak direla uste dute.

Kordobako hiriburuko Las Quemadillas industrigunetik gertu dagoen finka batean aurkitu zituzten gorpuzkiak, su baten errauts artean.

Gaur eguerdian, Espainiako Poliziak berriro miatu du etxea.

Guadalquivir miatzen

Poliziaren agenteak Guadalquivir ibaia miatzen hasi dira joan den larunbataz geroztik desagertuta dauden 2 eta 6 urteko neba-arreben bila. Aitaren aldeko senideek duten etxearen inguruan hasi dute ibaiaren miaketa.

Ikerketaren arduradunek adierazi dutenez, helburua adingabeen aztarnaren bat bilatzea da, haurrak egon daitezkeen tokia aurkitzeko.

Haurrak, joan den larunbatean, Cordobako Cruz Conde jolas parkean desagertu zirela dio aitak. Aita eta bi dingabeak Huelvatik Kordobara joanak ziren asteburua pasatzera.

Desagertutako bi haurren amak Kordobako komisaldegi batean eman zuen atzoko eguna, senideek eta psikologo batek zainduta. Hainbat senidek komunikabideen aurrean albisteen zain "suntsituta" daudela adierazi dute.

Desagertutako adingabeen amak senarraren kontrako salaketa jarri zuen igandean "presioa eta irainak" egin dizkiolakoan. Duela hamabost egun inguru dibortziatzeko prozesua hasi zuen bikoteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea