Gizartea -
Kukutza hustu dute
Mikel Aranak (EB) 'basakeriaz jokatzea' leporatu dio Ertzaintzari
Ostiral honetan Rekaldeko gaztetxea eraitsi ondoren, istilu larriak izan dira Bilboko kaleetan. EBko koordinatzaile nagusiaren esanetan, "gauzak beste modu batera egiteko aukera zegoen".
Erredakzioa
Kukutzaren eraispenari buruz, Mikel Arana EB-Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusiak "basakeriaz jokatzea" egotzi dio Ertzaintzari. Honen esanetan, "gauzak beste modu batera egiteko aukera zegoen".
Radio Euskadiko "MQP" saioan Aranak azaldu duenez, jazotako istiluetan "Ertzaintzak badu erantzukizuna, eraispena aurrera eramateko biderik okerrena aukeratu zuelako".
"Basati batzuk ibilgailuak eta zaborontziak erretzeagatik, ez da bidezkoa Kukutza proiektu osoa deslegitimatzea", adierazi du Aranak. Zentzu honetan, "lekua husteko Ertzaintzak erabilitako indarkeria" azpimarratu du.
"Gauzak beste modu batera egiteko aukera zegoen. Kukutzaren proiektuekin bat egiten dugunok jazotako istiluak errefusatzen ditugu", nabarmendu du. "Ertzaintzaren erantzukizuna ere badago, gaztetxearen hustea gauzatzeko orduan biderik okerrena aukeratu duelako", baieztatu du.
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak aitortu duenez, "Errekalden garatzen zuten proiektu kulturalak gure begikotasuna piztu zuen, ideien lantegi balitz bezala funtzionatu duelako".
"Baina atzoko istiluek bertan behera utzi dute auzoaren gehiengoek aintzatesten zuen begirune hura", gaineratu du. "Irtenbidea ez da Bilboko kaleetatik kale gerrilla bat egitea eta Ertzaintzari, suhiltzaileei eta langileei eraso egitea", ondorioztatu du Pastorrek.