Gizartea -
Epaiketa
Ellacuriaren hilketarengatik auzipetutakoak erailketa agindu izana ukatu du
Madrilen epaitzen ari den auzitegian, salvadortar koronel ohiak adierazi du soldaduek hil zutela euskal jesuita, ez poliziek. Berak azken horien ardura zuelako ideian egin du azpimarra.
Agentziak | Erredakzioa
Inocente Orlando Montano salvadortar koronel ohiak gaur, asteazkenarekin, Madrilgo auzitegian deklaratu du, 1989an Ignacio Ellacuria, Juan Ramon Moreno Pardo nafarra eta beste sei pertsona hiltzea leporatuta. Adierazi duenez, berak ez zuen hiltzeko agindurik eman, ez zuen “arazo pertsonalik” euskal erlijiosoaren aurka eta “ez zen sekula mina egiteko asmorik egon”, ez berari, ez Elizari, ezta UCA Ertamerikar Unibertsitateari ere.
Halaber, erantsi du ez zela jesuitak hiltzea ustez agindu zuten bileran egon eta ez zituela krimenok estali, Alfredo Cristiani presidenteari ikerketa “nazioarteko laguntzarekin” egin zedila aholkatu baitzion.
Hori guztia esan du Montano koronel ohiak Madrilgo Auzitegi Nazionalean, bost hilketa terrorista egotzita Fiskaltzaren 150 urteko kartzela zigorrari aurre egin behar dion epaiketaren bigarren saioan. El Salvadorreko militar ohia gurpildun aulkian eta musukoa jantzita agertu da Auzitegian, eta bere defentsaren galderei soilik erantzun die, ez, ordea, Ministerio Publikoarenei eta herri akusazio eta akusazioa partikularrarenei.
Montanoren hitzetan, 1989an Segurtasun Publikoko ministrordea zen, eta, nahiz eta Defentsa Ministerioaren ardurapean egon, bere esanetara zeudenak ez ziren militarrak, poliziak baizik.
Ellacuriaren aurka zerbait ote zuen galdetuta, Montanok erantzun du ez zuela “inola ere” ezer haren kontra, bai eta presidentearen “gertuenetakoa” zela. “Eragiteko ahalmena” zuenez, aholkulari jarduten zuen FMLNrekiko bake-akordioetan. “Ez zuen presidentea bakarrik aholkatzen, FMLNko agintariak ere bai. Terroristekin bildu zen”, erantsi du.
Bere arrazoibidea indartzeko, koronel ohiak gogora ekarri du hilketak argitzeko sortu zuten egiaren batzordeak ez zuela inoiz deklaratzera deitu, “delitua soldaduek egin baitzuten, ez poliziek”, eta berak azken horien ardura zuen.