Gizartea -
Hilketa onartu du
Azpeitiko gazteak Azkue hil zuela baieztatu dute DNA frogek
Ikerketaren arduradunek asteazkenean egindako aitormena gertatutakoarekin bat datorrela berretsi dute. Nahiz eta atzo 18 urte bete, adingabeen legea ezarriko diote eta 8 urteko zigorra jaso dezake.
Erredakzioa
Amaia Azkue hil zuela aitortu zuen gazteari bere borondatez hartutako DNA frogek emaitza positiboa eman dute, kasuko iturriek Efe albiste agentziari adierazitakoaren arabera. 18 urteko mutikoak Azkue hil zuela aitortu zuen asteazkenean.
Era berean, hiltzailearen hatz-markak ere ikerketan aurkitutakoarekin bat datozela jakinarazi dute.
Polizia 17 urteko mutikoa ikertzen ari zen, asteazkenean gazteak bere burua Adingabeen Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren esku utzi zuenean. Egun horretarako hitzordua zuen Azkoitiako polizia-etxean, eta bertan agertu zen aita eta abokatuarekin batera.
Ordu batzuk geroago, adingabea bere kabuz joan zen Fiskaltzaren egoitzara hilketaren arduraduna zela onartzeko.
Zortzi urteko zigorra
Amaia Azkueren hiltzaileak zortzi urteko kartzela-zigorra eta aldi baterako zaintzapeko askatasuna jaso dezake, hilketa egin zuenean adingabekoa baitzen. Gazteak atzo bertan bete zituen 18 urte.
Amaia Azkue gipuzkoarra hil egin zuela aitortu zuen asteazkenea, eta oraindik goizegi den arren zenbait iturri juridikok zehaztu dute hainbat faktorek epaia aldatu dezaketela. Zirkunstantzia aringarriak edo larrigarriak aztertu beharko dira eta, azkenik, gizahilketa edo hilketa kasu bat den zehaztu beharko litzateke.
Prozesuak ohiko bidetik jarraituta eta zailtasunik agertu ezean, epaiketa laster -azaroan- izan daitekeela uste dute iturriek. Atzotik, hiltzailea aurrera adineza da eta, gauzak horrela, baliteke zigorra helduentzako kartzela batean bete behar izatea, eta ez adingabeen zentro batean.
Hilketaren kontaketa, Ertzaintzaren arabera
Hilketa martxoaren 16an arratsaldean izan zen, arratsaldeko lehen orduan, Zarautzen, Ertzaintzak jakitera emandakoaren arabera. Amaia Azkuek bere hiltzailea autostop egiten ikusi, autoan sartu eta Azpeitiara eramatea onartu zuenean.
Ibilbidean, 17 urteko mutikoak Azkueri eraso egin omen zion eta zenbait gauza lapurtu zizkion, kreditu-txartelak besteak beste, eta gero hil egin zuen buruan kolpe gogorrak emanda.
Ondoren gorpua Ibai-Eder urtegian utzi zuen, eskuak lotuta, eta biktimaren autoa Loiolako aparkalekuraino eraman eta bertan laga zuen.
Ertzaintzaren 30 aditu ikerketan parte hartzen ari direla azpimarratu du Herrizaingo Sailak eta herritarren laguntzak garrantzi handia izan duela, datuak eta informazioa emateko hainbat telefono dei jaso dituztelako.
Gainera, bere etxean egindako miaketan hilketarekin lotzen duten froga gehiago aurkitu dituzte.
Adingabeen legearen arabera
Atxilotuak 18 urte bete zituen atzo, baina adingabeen legearen arabera epaituko dute, hilketa gertatu zenean adingabea zelako.
Azkueren gorputzeko kolpeek agertzen zuten indarkeria maila ikusita, erasotzailea adingabea izatea baztertu zuen Ertzaintzak, baina 17 urteko mutikoaren gorpuzkera handiak susmagarrien zerrendan mantendu zuen.
Ikerketako iturrien arabera, atxilotuak aurrekariak zituen jabegoaren kontrako delituengatik. Gainera, nahiz eta gaztea izan, trebetasun handia erakutsi omen zuen deltu horietan, profesionalen parekoa.
Gorpua martxoaren 16an aurkitu zutenAmaia Azkue Orion jaio eta Zarautzen bizi zen. Martxoaren 16an hilik agertu zen Ibaieder urtegian. Ertzaintzak ez du oraindik argitu hilketaren arrazoia zein izan zen, nahiz eta lapurretaren hipotesiak indar handia duen, Amaia Azkueren txartelarekin hiltzaileak dirua atera baitzuen Azpeitian.
Hiltzaileak Amaiaren autoa erabili zuen hil ondoren alde egiteko.
Azpeitiako presa batean aurkitutako emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak zituela adierazi zuen bere egunean Herrizaingo Sailak. Emakumeak "kolpe gogorrak" zituen aurpegian.
Zarauzko taberna batean ikusi zuten azkenengoz, martxoaren 16an, eguerdiko 12:30etan, lagun batekin kafe bat hartzen ari zela.
Ondoren, ez zen etxera bueltatu, eta ez zen eskolara joan umeen bila; ondorioz, senarrak salaketa bat jarri zuen Ertzaintzan emakumearen desagerpena zela eta.
Gorpua aurkitu zuten tokiaren inguruan, Azpeitiako Muarbe auzoan, balineko pistola bat aurkitu zuen Ertzaintzak.