Gizartea -

Martxoan hil zuten

17 urteko adingabe batek Amaia Azkue gipuzkoarra hil zuela aitortu du

Gaztea Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu dute. Antza denez, gaztea autostop egiten zegoen eta orduan hartu zuen Azkuek bere autoan. Zumaiarantz zihoazela, borrokan hasi omen ziren.

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Azkue 39 urteko gipuzkoarra hil egin zuela aitortu zuen atzo 17 urteko gazte batek Ertzaintzaren aurrean. Donostiako Adingabeen Fiskaltzara joan eta hiltzailea bera izan zela adierazi zuen, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintza gazte hori ikertzen ari zen. Atzo, bere aitarekin batera, Adingabeen Fiskaltzan agertu zen hilketa aitortzeko.

Urolaldeko gaztea berehala atxilotu egin zuten. Antza, martxoan izan zen hilketagatik ikertu du Ertzaintzak adingabea, eta bere deklarazioan hainbat kontraesan izan omen zituen.

17 urteko gaztea Zumarragako Adingabeen Zentroan sartu dute. Herrizaingo Sailak ez xehetasun gehiagorik eman, kasua sekretupean dagoelako.

Autostop egiten zegoela hartu zuen Azkuek

Radio Euskadik jakindakoaren arabera, adingabeak egindako deklarazioa egiazkoa da eta seinale guztiek gertatutakoaren arduraduna dela adierazten dute.

Gainera, bere etxean egindako miaketan hilketarekin lotzen duten froga gehiago aurkitu dituzte.

Antza denez, adingabea autostopa egiten ari zen eta Amaia Azkuek autoan hartu zuen. Zumaiarako bidean borrokan hasi omen ziren. Oraindik ez dago argi aurretik elkar ezagutzen zuten ala ez.

Atxilotuak 18 urte betetzen ditu gaur, baina adingabeen legearen arabera epaituko dute, hilketa gertatu zenean adingabea zelako.

Azkueren gorputzeko kolpeek agertzen zuten indarkeria maila ikusita, erasotzailea adingabea izatea baztertu zuen Ertzaintzak, baina 17 urteko mutikoaren gorpuzkera handiak susmagarrien zerrendan mantendu zuen.

Ikerketako iturrien arabera, atxilotuak aurrekariak zituen jabegoaren kontrako delituengatik. Gainera, nahiz eta gaztea izan, trebetasun handia erakutsi omen zuen deltu horietan, profesionalen parekoa.

Zarautzeko Udalaren komunikatua

Bestalde, Zarautzeko Udalak komunikatu bat atera du Amaia Azkueren hilketa "lehen bait lehen argitu eta justizia egin dadin" itxaropena agertzeko.

Udal ordezkariak "Ertzaintzaren ikerlariekin etengabeko harremanetan" izan direla azpimarratu dute eta "gertatutakoaren garrantzia kontuan izanda, herritarren artean alarmarik sortzea saihesteko zuhurtziaz arituko dira lanean, hedabiteetako filtrazioak komentatu gabe".

Gorpua martxoaren 16an aurkitu zuten

Amaia Azkue Orion jaio eta Zarautzen bizi zen. Martxoaren 16an hilik agertu zen Ibaieder urtegian. Ertzaintzak ez du oraindik argitu hilketaren arrazoia zein izan zen, nahiz eta lapurretaren hipotesiak indar handia duen, Amaia Azkueren txartelarekin hiltzaileak dirua atera baitzuen Azpeitian.

Hiltzaileak Amaiaren autoa erabili zuen hil ondoren alde egiteko.

Azpeitiako presa batean aurkitutako emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak zituela adierazi zuen bere egunean Herrizaingo Sailak. Emakumeak "kolpe gogorrak" zituen aurpegian.

Zarauzko taberna batean ikusi zuten azkenengoz, martxoaren 16an, eguerdiko 12:30etan, lagun batekin kafe bat hartzen ari zela.

Ondoren, ez zen etxera bueltatu, eta ez zen eskolara joan umeen bila; ondorioz, senarrak salaketa bat jarri zuen Ertzaintzan emakumearen desagerpena zela eta.

Gorpua aurkitu zuten tokiaren inguruan, Azpeitiako Muarbe auzoan, balineko pistola bat aurkitu zuen Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea