Gizartea -
Donostiako Aste Nagusia
Izagirre: "Festetan ez da istilurik egon, eta parte-hartzea handia da"
Alkateak argi utzi du "era guztietako jendearentzat dagoela tokia Donostian, beti ere errespetua eta tolerantzia mantenduz".
Erredakzioa
Donostiako Aste Nagusia "bela zabalik" doazela esan du gaur goizean Juan Karlos Izagirre alkateak. Balantze oso baikorra egin du Udaletxean burututako agerpenean, festak erdialdera heldu diren egunean.
Izagirrek azaldu duenez, "ez da inolako istilurik gertatu, bisitari ugari etorri dira eta jendearen parte-hartzea handia izan da". Alkateak argi utzi du "era guztietako jendearentzat dagoela tokia Donostian, beti ere errespetua eta tolerantzia mantenduz".
Lasaitasunaren adibide modura, Amabirginaren egunean Donostian bildu ziren milaka piratak, gazte katolikoak eta suminduak aipatu ditu. Denak batera ibili ziren hirian normaltasunez.
Piratek euren lekua egin dute Aste Nagusian eta su artifizialekin eta Sagueseko kontzertuekin batera, ekitaldirik jendetsuena izan da.
Donostiako alkateak, antzina egiten zen moduan, pergamino batean irakurri ditu datorren urteko jaiei begira hartuko dituen konpromisoak. Parte-hartzea bultzatuko du Udalak, eta hiritarren proposamenak kontuan hartuko dira.
Hamaiketakoa
Piraten ordezkari batekin batera iritsi da Izagirre alkatea Udaletxean eskaini den hamaiketakora. Udaleko langileek eta Bildu, EAJ eta PP alderdietako zinegotziek hartu dute parte bertan.