Gizartea -
Aste Nagusia
Bilboko Konpartsek Juan Carlos Eguillor omendu du
Aste Nagusiko lehenengo zapia eta jaietako lehen kartela egin eta "jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak" bultzatu zituen.
Erredakzioa
Bilboko Konpartsek Juan Carlos Eguillor omendu du. Martxoan hil zen ilustratzaileak "jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak" bultzatu zituen, eta Aste Nagusiko lehenengo zapia eta jaietako lehen kartela (1978) egin zituen. 1987ko kartela ere berak egin zuen.
Konpartsen koordinakundeko bozeramaile Garikoitz Goikoetxearen esanetan, Bilboko Konpartsak eta Juan Carlos Eguillorren senideek martxoan hil zen ilustratzailea omendu nahi izan dute, besteak beste, "Aste Nagusiko lehenengo zapia sortzeagatik".
Goikoetxearen hitzetan, 2011ko zapiak 1978koak zeukan irudi bera izango du. Bilboko armarria ikus daiteke bertan, txapel eta guzti, eta "Bilbo Aste Nagusia" dauka idatzita. Zapiak txosnetan banatuko dira, doan, baina hiriburuko beste hainbat tokitan zabaltzen ere saiatuko dira.
Konpartsen arabera, "izan zena izateaz gain, Aste Nagusirako oso garrantzitsua izan zelako" omendu dute Eguillor, eta, Udalarekin batera, "jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak bultzatu zituelako". Konpartsek eredu horri eutsi nahi diotela gaineratu du Goikoetxeak, "horri esker baita Aste Nagusia gaur egun dena", eta eredu hori "indartu eta bultzatu" nahi dutela adierazi du.
Juan Carlos Eguilloren arrebak, Carmenek, eskertu egin du omenaldia eta "oso polita" izan dela esan du.
Omenaldia La Granja kafetegian egin dute, bertan egoitza duen Gargantua kofradiakoa baitzen Eguillor, eta omenaldia amaitutakoan, mokadu bat jateko aukera izan da bertan.