Gizartea -
Ezbeharra festetan
74 urteko gizon bat hil da Lodosan zekor batek adarkatuta
Zekor batek herriko jaietako entzierroko hesia apurtu eta ihes egin du. Lodosako Udalak festa 24 orduz bertan behera uztea erabaki du.
Erredakzioa
74 urteko gizona hil da Lodosako jaietan (Nafarroa), entzierroko zekor batek hesia apurtu, bidetik irten eta adarkada jaso ondoren.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, gertakaria goizeko 09:20 aldera jazo da Lodosan. Antza zekorrak entzierroko bidetik ihes egitea lortu du eta hainbat pertsonari oldartu zaie. Horietako batek, Felix de Luis Morantin, 74 urteko gizonak, adarkada jaso du lepoan eta hil egin da. Antza Donostian bizi zen, baina Lodosarra zen izatez. Halaber, beste pertsona bat Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalera eraman dute zauri arinekin, bekainean kolpea jasota.
Gaurkoa Lodosako festetako hirugarren entzierroa izan da eta Prieto de la Cal ganadutegiko abelburuak izan dira protagonista. Hesia apurtuta ihes egin duen zekorra tiro narkotikoekin geldiarazi dute eta enpresako kamioian sartu dute ondoren.
Festak 24 orduz bertan behera
Herriko jaiak 24 orduz bertan behera uztea erabaki du Lodosako Udalak.
Pablo Azcona Lodosako alkateak adierazi duenez, ezbeharrarekin saminduta daude herritarrak. "Oso atsekabetuta gaude guztiok, festa eguna izan behar zuena guztiz kontrakoa bihurtu baita", azaldu du.
Entzierroko segurtasunari dagokionez, alkateak adierazi du ibilbidea bi hesik babestua dagoela tarte batzuetan, baina ezbeharra gertatu den tokian bakarra dagoela, gaurkoa bezalako zekorrentzako "horrelako errefortzua ez baita beharrezkoa", erantsi du.