Gizartea -

Hilketa bikoitza Portugaleten

Portugaleteko parrizidak familia hiltzeko asmoa idatzita zeukan

Ikerketa iturrien arabera, Ertzaintzak etxea miatzen ari zela eguneroko bat aurkitu zuen eta bertan berarekin bizi ziren lau senideak hiltzeko plana jasotzen zuen gazteak.

Portugaleteko hiltzaileak familia guztia akatzeko asmoa zuen

01:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Portugaleten ama eta anai hil zituen gazteak "eguneroko moduko bat" zeukan idatzita eta bertan familiaren etxean berarekin bizi ziren lau senideak hiltzeko asmoa eta planak jasotzen omen ziren. Bilboko Adingabeen Epaitegiak Bizkaiko ospitale psikiatriko batean sartzea erabaki du, gaztearen deklarazioa entzun ondoren.

Radio Euskadik ikerketa iturrien bitartez jakin ahal izan duenez, eskuz idatzitako ohar batzuetan azaltzen zuen gazteak etxean berarekin bizi ziren gainerako lau senideekin akabatzeko zeukan asmoa; amaz eta anai gazteenaz gain, aita eta arrebetako bat ziren, baina horiek biak hilketa bikoitza egin zuenean etxetik kanpo zeuden.

Ustezko hiltzaileak beste bi anai-arreba ere badauzka baina gurasoen etxetik kanpo bizi dira. Eguneroko hori Ertzaintzak goizean utzi du agintari judizialen esku.

Fiskaltzaren esku

Ama eta anaia hil dituela aitortu duen gaztea eguerdi aldera eraman dute Bilboko Adingabeen Fiskaltzarengana; izan ere, nahiz eta gaur 18 urte, hau da adin-nagusitasuna bete duen arren, atzo, hilketa bikoitza egin zuenean, adingabea zen eta beraz, Adingabeen aretoan epaituko dute.

Armak aurkitu dituzte

Ustez hilketak egiteko erabilitako armak ere aurkitu dituztela iragarri dute ikerketa iturriek; labana bat eta pikotxa txiki bat dira. Biak Ertzaintzaren unitate zientifikoaren esku daude aztertzeko.

Gaztea atzo atxilotu zuen Ertzaintzak, bere kabuz Sestaoko Udaltzaingora joan eta hilketa aitortu ostean. "Ama eta anaia hil ditut; sarraski bat egin dut" izan ziren Ismael izeneko gazteak hilketak aitortzeko erabilitako hitzak.

58 urteko emakumearen eta 12 urteko bere semearen hilotzak goizeko 10:30ean aurkitu zituzten, sastada arrasto nabarmenekin, Portugaleteko Federico Garcia Lorca kalean duten familiaren etxebizitzan.

Biktimen aita eta sena izan zen Poliziari abisua eman ziona, medikuarenetik itzuli zenean etxera ezin zuen sartu; gainera, emazteak telefonoa hartzen ez ziola ikusita, susmo txarra hartu eta poliziari deitu zion.

Hilketak gaitzesteko

Portugaleteko Udalak bi hilketak gaitzesteko elkarretaratzea egin du gaur. Solar plazan egin dute, 20:00etan, eta, amaieran Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpena irakurri egin dute. Atzo Portugaleten gertatutakoa "pentsaezina zela" dela dio testuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea