Gizartea -

Portugaleteko hiltzailea

Gazte lotsatia, isila eta bakartia

Bizilagunek diote gainera, beti aitarekin eta anaiarekin ikusten zutela. Ama eta anaia hil dituela aitortu duen gazteak gaur 18 urte beteko ditu eta Adin txikikoen Fiskaltzaren esku utziko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugaleten ama eta anaia hil dituela aitortu duen gazteak gaur 18 urte bete ditu, adin-nagusitasuna, alegia. Atzo ustez sastadaz bi senideak hil zituenean 17 urte zituen eta beraz, gaur Adin txikikoen Fiskaltzaren esku utziko dute deklarazioa hartzeko.

Hilketa harriduraz hartu dute Portugaleten Federico Garcia Lorca kalean bizi direnek. Inork ez du ulertzen atzo goizean zer pasa zen Ismael gaztearen burutik. Bizilagunek diote gazte lotsatia, isila eta bakartia zela. Aitarekin eta anaiarekin asko ibiltzen omen zen.

Edozein kasutan, itxuraz familiak ez zeukala arazorik esan die bizilagunek komunikabideei, familia "normala" zela. Hilketen aurretik eztabaidarik edo gorabeherarik somatu ote zuten galdetuta, inork ez zuela ezer arrarorik somatu esan dute. Antza, ustezko hiltzailea goizean goiz atera zen etxetik; bigarren batxilergoko ikasketak egiten ari zen institutura joan zen notak jasotzera. Iturri batzuen arabera, sei suspenso edo gutxiegi atera zituen. Gertaera lazgarria publiko egin ostean, eguerdiko 13:20ak aldera, Sestaoko Udaltzaingora joan zen egindakoa aitortzera: "Ama eta anaia hil ditut; sarraski bat egin dut", hitz horiekin hilketa bikoitzaren errudun deklaratu zuen bere burua.

Ustezko hiltzaileak beste lau anai-arreba zituen; bera eta beste bi familiaren etxebizitzan bizi ziren. Horietako batek, gazteenak, 11 urtekoa eta hildakoa, ezintasun fisiko eta intelektuala zeukan.

Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du, hilketaren "zergatia" zein izan zitekeen argitu nahian. Bitartean Ismael gazteak atxilotuta jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea