Gizartea -
Epaiketa
Irain arrazistak gogoratzen ez dituela adierazi du Gallianok
Bi salaketa eta Christian Dior konpainiaren kaleratzea ekarri zioten hiru istiluen ostean, AEBetan eta Suitzan desintoxikazio tratamendu bat jarraitu zuela azaldu du Britainia Handiko diseinatzaileak.
Erredakzioa
John Galliano Britainia Handiko diseinatzailea irain arrazista eta antisemitengatik auzipetu zuten. Irainak gogoratzen ez dituela esan du gaur Gallianok epaitegian. Era berean, alkoholarekiko, barbiturikoekiko eta somniferoekiko atxikimendua gainditzeko desintoxikoazio tratamendu bat egin duela azaldu du.
50 urteko jostuna zuhurki heldu da epaitegira, ehun bat kazetariak saihesteko. Bi salaketa eta Christian Dior konpainiaren kaleratzea ekarri zioten hiru istiluen ostean, Arizonan (AEB) eta Suitzan desintoxikazio tratamendu bat jarraitu zuela azaldu du Gallianok.
"Oraindik ez dut gaixotasuna erabat gainditu, baina askoz hobeto nago", adierazi du diseinatzaileak. Sei hilabeteko espetxe zigorra ezar diezaiokete eta 22.500 euro ordaintzera zigor dezakete.
Jostuna jantzi ilunarekin agertu da. Gertakariak ez ditu ukatu Gallianok, eta kontsumitu zituen pilulek eta akoholak gertatutakoa gogoratzea galarazten diotela erantsi du.
"Koktela oso arriskutsua zela ulertu nuen tratamenduaren ostean", gaineratu du jostunak. Steve Robinson adiskidea 2007an galdu zuenetik asko edaten zuela onartu du Gallianok. Dior konpainiak lana bikoizteak menpekotasuna areagotu zuen, izan ere, enpresak gero eta arropa bilduma gehiago ateratzen zituen.
Irain arrazistak eta antisemitak
Iragan otsailean, jostunak ustez irain antisemitak eta arrazistak erabili zituen ''La Perle'' tabernan zegoen bikote baten aurka, Pariseko Maraiseko auzoan. Poliziak tabernan bertan atxilotu zuen diseinatzailea.
Salaketa horrek bultzatuta, tabernako beste bezero batek urrian jazotako antzeko gertakariak salatu zituen.
The Sun Britainia Handiko egunkariak Interneten bideo bat zabaldu zuen orduan. Gallianok Hitler goraipatzen zuen bideoan, antza denez, mozkorturik zegoela.