Gizartea -
101.5000 tona gehiago
Kantauriko antxoaren biomasa % 278 hazi da urtebetean
Azti-Tecnaliako Biomanek egindako azterketak 138.000 tonatan kokatu du antxoaren biomasa. "Iragarpenak ez dira bakarrik bete, gainditu ere egin dira", zoriondu da Arrantza sailburua.
Erredakzioa
Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa % 278 igo da azken urtean, Azti-Tecnaliako Biomanek aztertutako antxoen arraultzen arabera. 2010ko udaberrian 36.500 tona zenbatu zituzten eta 2011ko maiatzean, berriz, 138.000 tona.
Antxoen % 86k urtebeteko adina du. Biomasa honek espezierako aurreikusitako ardura maila laukoiztu du. Ardura maila hura 33.000 tonatan zehaztu zuten. 1987. urtean Bioman kanpainak egiten hasi zirenetik, marka hautsi dute oraingo emaitzek.
Gainera, datua "bat datoz" udazkenean egindako antxoa gaztearen kopuruaren estimazioarekin. Izan ere, itsasoan 100.000 tona antxoa heldu inguru izan zitezkeela iragarri zuten.
"Iragarpenak ez dira bakarrik bete, gainditu ere egin dira", zoriondu da Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburua. Unzaluk azaldu duenez, arrantza alorra "sendotzeko" lan egingo du Eusko Jaurlaritzak, Kantauriko antxoak merkatuetan eta kontserba-industrian protagonismoa "berreskuratu" dezan. Izan ere, azken bost urteetan nagusitasuna galdu du, beste lekutik zetorren antxoaren mesedetan.
Zentzu honetan, arrantza kuota erabakitzeko "azterketa zientifikoetan" oinarritzearen garrantzia azpimarratu du Unzaluk, espeziearen bizi-iraupena eta jarduera ekonomikoaren mantenua bermatzeko.
Bestalde, sailburuordeak zabaldutako datuen arabera, Euskadiko arrantzaleek 8,7 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte aurten (iaz baino % 84,4 gehiago) eta lonjetan batez besteko prezioa 2,06 eurokoa izan da. Lonjetan izandako irabazien kopurua 18 milioi eurokoa izan da.