Gizartea -
Operazioa, lau probintziatan
12 atxilotu 'ekoterrorismoren' delituengatik, horietatik 4, Bizkaian
Preso hartu dituzten lagunak Animalien Askapenerako Mugimenduarekin lotuta daudela uste du Guardia Zibilak. Kalteak, etxeetan indarrez sartzea eta legez kontrako elkartearen kide izatea egotzi diete.
Erredakzioa
Guardia Zibilak 12 pertsona atxilotu ditu azken orduotan Estatuan "ekoterrorismoa" egotzita. Iturri ofizialen arabera, operazioa lau probintziatan egin dute: Bizkaian lau pertsona atxilotu dituzte eta gainerakoak Madrilen, Asturiasen eta Galizian.
Ikertzaileen arabera, atxilotutakoak "muturreko ekologistak" dira eta litekeena da Animaliak Askatzeko Mugimenduko kide izatea. Kalteak egitea, etxeetan nahiz enpresetan indarrez sartzea eta legez kontrako elkarte bateko kide izatea egotzi diete.
Bizkaian, Bilbo Zaharrean eta Zazpikaleetan egin ditu Guardia Zibilak atxiloketak. Gainera, lau susmagarrien etxebizitzak maiatzen ari da.
Santiagoko instrukzioko epaitegi batek agindu du sarekada, eta, beraz, atxilotuak bertara eramango dituzte.
Muturreko zenbait ekologistak Galizian egin zituzten ekintza batzuk argitzeko abiatutako ikerketaren harian egin dute operazioa, besteak beste, abeltegi batzuetako animaliak aske utzi zituzten lagunak epailearen aurrera eramateko.