Gizartea -

15M mugimendua

'Suminduek' Sol utzi eta kanpaldi ibiltari handia iragarri dute

Bilbon kanpaldia asteazkenean amaitzea erabaki dute; Donostian, astebete jarraituko dute eta Gasteizen iragan ostegunean bukatu zuten protesta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soleko ''suminduek'' kanpamendua garbitzen igaro dute eguna eta pixkanaka-pixkanaka lekua husten joan dira, bide luze baten hasieran daudela esanda. Hurrengo helburua kanpaldi ibiltari bat antolatzea da, eta dagoeneko batzorde bat sortu dute "non eta nola aritu" erabakitzeko.

Horren harian, astero Karmeneko kalean asanblea herrikoia egingo dutela iragarri dute ideia ezberdinak eztabaidatzeko.

"Protesta zabaltzeko mugitzen gara", azpimarratu du bozeramaile batek. Gainera, larunbateko batzarrean hartutako erabakia nabarmendu du: Solen geratzea erabakitzen dutenek ez dute mugimenduaren babesik izango.

"Ez gaituzte bota, gaur goaz horrela erabaki dugulako", adierazi du mugimenduko Informazio Batzordeko bozeramaile batek igande goizeko batzar informatibo batean.

Larunbat gauean, Soleko ''suminduek'' kanpaldia utzi eta ekintzak hiriburuko auzoetara eramatea erabaki zuten, ostiralean Bartzelonakoek erabaki bezala.

Bilbo, Donostia eta Gasteiz

Bilboko ''suminduek'' ere kanpaldia uztea eramaki dute. Asteazkenean batuko dituzte Arriaga Plazan dituzten gauza guztiak. Igande arratsaldeko bileran mugimenduarekin nola jarraitu eztabaidatu dute.

Bozeramaile batek Efe albiste agentziari esandakoaren arabera, Bilboko batzorde guztiak prest daude Arriagako Plazatik kanpo lanean aritzeko, eta orain batzorde horietan lanean hasiko dira buru-belarri.

Donostian, berriz, Boulevarreko kanpaldia astebetez luzatzea erabaki dute, hurrengo igandea arte, hain zuzen. Egun horretarako manifestazioa deituta dute.

Gasteizeko ''suminduek'' iragan ostegunean hartu zuten Andra Mari Zuriaren plazako kanpaldia amaitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea