Gizartea -
25 egunen ostean
Soleko 'suminduak' hasi dira kanpaldia jasotzen
Maiatzaren 15ean hasi zen mugimendua Madrilgo Sol plazan kanpalekua jarriz, eta gaur guztia jasoko dute; hemendik aurrera "ibiltari" bihurtzea da antolatzaileen asmoa.
Erredakzioa
Solen duela 25 egunetatik kanpatuta dauden "suminduek" gauerdian hainbat orduz eztabaidatu ostean kanpaldia puntu horretatik kendu eta "mugikor" bihurtzea erabaki dute. Eta dagoeneko hasi dira kanpalekuak kendu eta plaza garbitzen.
Larunbat iluntzean egindako asanbladan "0 kilometroan" kanpatuta dauden M-15 mugimenduko "suminduak" Sol plaza uzteko adostasunera heldu dira. Hasiera batean ekainaren 15a bitartean bertan egotea erabaki zuten, modu horretan kanpaldia "ibiltari" bihurtzeko denbora gehiago izango zutelako. Edozein kasutan, azkenean mugikor bihurtzea bai, baina Solen ez jarraitzea erabaki dute.
Iragan asteartean erabaki zuten "suminduek" asanblada orokor baten bitartez igande honetan kanpaldia kentzea eta bozeramaileek jarrera hori berretsi dute egin dituzten hainbat batzarretan. Hemendik aurrera, beraz, mugikorra izango da Madrilgo kanpaldia.
Gaur, igandea, egun osoan zehar Solen hainbat ekintza egingo dituzte kanpaldiari agurra emateko eta bertan parte hartu duten ehunka herritarrei eskerrak emateko. 17:00etan izango da azken asanblada orokorra baina kasu honetan ez da parte hartzailea izango, informatiboa baizik. M-15 mugimendua hemendik aurrera nola garatuko den finkatuko dute.