Gizartea -

M15 mugimendua

Aske utzi dituzte Valentzian atxilotutako bost 'suminduak'

Valentziako parlamentuaren kanpoaldean poliziaren eta manifestarien artean izandako liskarretan atxilotu zituzten. Atxilotuen aldeko kontzentrazioak goizaldean amaitu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentziako 19. Instrukzio Epaitegiak aske utzi ditu parlamentuaren kanpoaldean poliziaren eta manifestarien artean izandako liskarretan atxilotu zituzten bost lagunak, maiatzaren 15eko mugimenduarekin lotutako gazteak.

Atxilotuei autoritateen kontrako atentatua eta desobedientzia leporatzen diete, eta Epaitegira joan beharko dute hilero, hirugarren ostiralean.

Bi ordu eta erdiz epailearen aurrean deklaratu ondoren, bost atxilotuak 00:40 aldera atera dira, txalo artean, eta senideek, lagunek eta maiatzaren 15eko mugimenduaren jarraitzaileek harrera egin diete.

Atxilotuetako batek, 19 urteko emakume batek, esan du "benetako demokraziaren alde borrokan" aritu direla eta haien helburu "bakarra" jendeak aldarrikapen hori entzutea dela.

"Sistemak beldurra erabili du gobernatzeko eta elkarrekin borroka egin behar dugu hau dena behingoz amai dadin", adierazi du.

Beste atxilotuetako batek eskerrak eman dizkio Valentziako kanpaldiko batzorde juridikoari, atxilotuei emandako babesagatik.

Maiatzaren 15eko mugimenduko jarraitzaileek 02:00ak aldera amaitu dute Madrilgo Diputatuen Kongresuaren parean egin duten eserialdia, Valentzian, Bartzelonan, Madrilen eta Santiagon atxilotutakoen alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea