Gizartea -
Kargak
Bost 'sumindu' atxilotu ditu Poliziak Valentzian
Valentziako Parlamentuko egoitzaren alboan karga egin du Poliziak. M-15 mugimenduko ekintzaileek urez betetako botilak bota dituzte eta poliziei ukabilkadak eman dizkiete.
Erredakzioa
M-15 mugimenduko bost kide atxilotu ditu Poliziak Valentzian, desordena publikoagatik eta poliziak eraso eta zauritzeagatik. Izan ere, manifestariek ur botilak jaurti eta ukabilkadak eman dituzte Poliziak karga egin duenean, Valentziako Parlamentuaren alboan.
Navellos kalean, Valentziako Parlamentuaren alboan, bildu diren ekintzaileek urez betetako botilak eta guraizeak bota dituzte eta agenteei ukabilkadak eman dizkiete, Poliziako iturriek azaldu dutenez.
Gainera, poliziei walkie-talkie bat lapurtu diete, nahiz eta geroago berreskuratu.
Valentziako Parlamentuko egoitzaren aurrean ''suminduen'' talde bat bildu da eta gaua bertan pasa du. Polizia Nazionalak emakume bat atxilotu du gauean "desobedientzia eta desorden publikoa egotzita", Poliziako iturriek jakinarazi dutenez.
Parlamentuaren osoko bilkura amaitu denean Poliziak ''sumineduen'' aurka karga egin du, manifestariak segurtasun zona zeharkatzen saiatu direlako. Kargan zenbait lagun zauritu dira, besteak beste, Juan Ponce Compromis taldeko diputatua. Ponce manifestariekin hitz egiten egon da.
Gasteizko kanpaldia amaitu da
Bestalde, Gasteizko ''suminduek'' Andre Maria Zuriko plazako kanpaldia amaitutzat jo dute, baina protesta auzoetara eta Arabako hiriburutik kanpo eramango dutela iragarri dute.
Kanpaldiaren balantze positiboa egin dute M-15 mugimenduko partehartzaileek. Kanpaldia "ez zen helburu bat, harremanetan jartzeko eta ikusgai izateko bitarteko" baizik, ''Gasteizko Kanpaldia'' mugimenduko bozeramaile batek azaldu duenez.