Gizartea -
M-15 mugimendua
Suminduak Solera itzuli dira, Kongresuan eserialdia egin eta gero
Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Behe Ganberaren aurrean, Espainiako Gobernuak bihar onartuko duen lan erreformaren aurka protesta egiteko.
Erredakzioa
M-15 mugimenduko ehunka jarraitzailek eserialdia egin dute gaur goizaldean Diputatuen Kongresuaren aurrean, Madrilen, baina dagoeneko protesta utzi dute eta Puerta del Solera itzuli dira.
Suminduek 01:00etan egindako batzar batean erabaki dute elkarretaratzea bertan behera uztea eta Solen protesta egiten jarraitzea.
Eserialdiarekin, M-15eko jarraitzaileek protesta egin nahi izan dute bihar Espainiako Gobernuak onartu asmo duen lan erreformaren aurka. Protesta atzoko 18:00etan hasi zuten, eta orduek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago elkartu da.
Espainiako Poliziak 11 furgoi bertaratu ditu, eta istiluen aurkako agenteak Kongresuaren atarian izan dira.
Suminduek Kongresuan sartzen uzteko eskatu dute, baina agenteek debekatu egin diete. Hori horrela, protestariek kanpin-denda bat jarriz erantzun dute.
Lan erreformaren aurkako adierazpena
Eserialdian, suminduek adierazpen bat irakurri dute bihar onartuko duten lan erreformaren aurka (lan hitzarmenei buruzkoa).
Erreforma horrekin, soldatak jaitsi egingo dituztela eta laneguna luzatu egingo dutela salatu dute. "Niri bost", oihukatu dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren proposamenei buruz.
"Aski da, ez gara mertzenarioak", esan dute, eta greba orokorra egiteko dei egin dute.