Gizartea -

Lan-erreformen aurka

Diputatuen Kongresuko kalea moztu dute 'suminduek'

Ehunka lagun hiriburuko erdialdean bildu dira Gobernuak onartu nahi duen lan-erreformaren kontrako martxa bat egiteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Canalejas plazako eta San Jeronimo kaleko zirkulazioa eten dute Puerta del Soleko kanpaldian parte hartu duten lagunek. Dozenaka pertsona bildu dira Diputatuen Kongresuaren parean lan-erreformen aurka protesta egiteko.

Ehunka lagun hiriburuko erdialdean bildu dira 18:00ak aldera, Gobernuak onartu nahi duen lan-erreformaren kontrako martxa bat egiteko.

''Pienso, luego resisto. www.tomalaplaza.net'' eta "Lan-erreforma politikarientzat'' lelopean ehunka lagunek Canalejas plazako eta San Jeronimo kaleko errepidea hartu dute Diputatuen Kongresuko noranzkoan.

''Hilabete amaierara iristea ez da indarkeria'', ''Lan-erreforma, patronalaren geldialdia'', ''Ez da dirurik falta, lapurrak soberan daude'', ''Hori, hori, hori, Kongresura goaz'', ''Enpresaburuen aldeko legea, esplotatzailerik ez'', ''Murrizketak aberatsei lehenago'', ''Negoziaketa inposaketa'' edo ''Esklabua alokatzen da'' ohiukatu dute suminduek Kongreusra bidean.

Istiluen aurkako Polizia Nazionalaren 11 furgoneta zain izan dituzte manifestariek Diputatuen Kongresuko kantoi batean.

Bartzelonan

Madrilen saminduak Kongresuaren aurrean bildu dira, Bartzelonan, ostera, Parlamentuaren aurrean protesta egin dute. Izan ere, Felip Puig Kataluniako Barne kontseilariak agerraldia egin behar zuen maiatzaren 27an mossoek Kataluniako Plazan egindako operazioa azaltzeko. Istiluetan 121 lagun zauritu ziren, horietatik 37 mossoak.

Kataluniako Parlamentuaren inguruan 30 bat lagun bildu dira eta mossoen aurkako ohiuak bota dituzte. ''Adolf Puig'', ''Puig kartzelara'', ''Puig dimisioa'' eta ''lan gehiago eta lapurreta gutxiago'' bezalako leloak entzun dira Ganberaren kanpoaldean. Bien bitartean, kontseilariak mossoen ekintza defendatu du Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea