Gizartea -
M-15eko mugimendua
'Suminduek' igandean utziko dute Soleko kanpaldia
Ekainaren 12rako "festa ekitaldi handi bat" deitu dute. Horrekin jarraitu nahi duten gutxi batzuek bilera deitu dute gaurko, euren erabakiaren berri emateko.
Erredakzioa
M-15 mugimenduko Madrilgo kideek datorren igandean, maiatzaren 12an, utziko dute Soleko kanpaldia. Gutxiengo batek, hala ere, bertan kanpatuta jarraitzeko asmoa duela iragarri du.
Atzo, asteartea, 20:00etan egin zen batzarrean ehunka lagun bildu ziren. "Suminduen" gehiengoak kanpaldia bertan behera uztea adostu zuen, baina Solen jarraitu nahi duten pertsonen erabakia errespetatu egingo dutela adierazi du mugimenduko ordezkari batek, betiere, euren izenean egiten badute.
"Soleko kanpaldia datorren igandean, 12:00etan, amaituko da festa handi batekin", adierazi dute mugimenduko ordezkariek, baina batzarrak egiten eta taldeka lanean jarraituko dutela esan dute.
"Kanpaldia utzi arren, egitura mantendu egingo da", adierazi dute, eta M-15 mugimenduak eztabaidatzeko proposatutako gaiak orain aste batzuk abian jarri zituzten auzo biltzarretan landuko dituztela azaldu dute.
Bestalde, kanpatuta jarraitu nahi duen gutxiengoak batzarra deitu du gaurko, alternatiba bat aurkeztu eta zer egingo duten zehazteko.
20:00etan hasiko den batzarrean, Puerta del Solen M-15 mugimenduaren inguruan informazioa emateko gunerik jarriko duten ala ez ere erabakiko dute.
Bartzelonako "suminduek" gaur erabakiko dute zer egin
Bartzelonako "suminduek" atzo deitu zuten batzarra bertan behera geratu zen euria zela eta.
Gaur egingo dute bilera, kanpaldiarekin jarraitu ala ez erabakitzeko, eta krisi ekonomikoa kudeatzeko modua salatzeko hasi zen mugimenduari jarraipena nola eman zehazteko.