Gizartea -
Epaiketa Bilbon
Hiru milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dute ginekologo baten kontra
Mediku akats batengatik inoiz jarri den salaketa handienaren epaiketa hasiko da gaur. Salatzaileen arabera, ginekologoak garuneko paralisia eragin zion zazpi urteko haurrari.
Erredakzioa
Gaur hasiko da Bilbon haur bati garuneko paralisia eragin ziolakoan guraso batzuek ginekologo bati, aseguru-etxeari eta ospitale pribatuari jarri zioten salaketa aztertzeko epaiketa. Mediku akats batengatik inoiz jarri den salaketa handiena da, izan ere, hiru milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dute.
Epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez, haurra ospitalean jaio zenean ginekologoak akats bat egin zuen eta horren ondorioz du garuneko paralisia.
Salaketa zibila da, kalte-ordaina eskatzen duena, ez da zigor kereila bat, beraz, Fiskaltzak ez du akusaziorik idatzi. Epaitegiak debekatu egin du bertan bideo edo argazki kamerak sartzea adin txikikoaren intimitate eskubidea gordetzeko. Hori horrela, prentsa idatziak soilik jaso ahal izango du auzi-saioan gertatzen dena.
Epaileak azaldu duenez, "jaiotzaren, gaixotasunaren, egungo osasun egoeraren eta haurrak dituen mugen inguruan eztabaidatuko dute".