Gizartea -
Bilbon
Seme-alaba adingabeak gau osoan bakarrik uzteagatik atxilotu dute
Poliziak iritsi direnean, zortzi hilabeteko haurra lurrean aurkitu dute, sehaskatik erorita; eta beste biak balkoian giltzapetuta, negarrez.
Erredakzioa
Herrizaingo sailak aditzera emandakoaren arabera, auzoko batek Ertzaintzara deitu eta etxebitzitza baten balkoian bi adingabe bakarrik zeudela abisatu du, egoera arriskutsuan.
Agenteak berehala joan dira bertara eta, amarekin harremanetan jartzea ezinezkoa zela ikustean, atea behera bota dute barrura sartzeko.
Sartu eta zortzi hilabeteko haurra lurrean aurkitu dute, sehaskatik erorita, eta beste biak balkoian giltzapetuta zeuden, negarrez.
Ondoren, gizarte zerbitzuei abisua eman diete eta anbulantzia batek haurrak ospitalera eraman ditu osasun azterketa egiteko.
Aita ere, atxilotuta
Osasun azterketak egin eta jarraian gizarte laguntzak haurren ardura hartu eta laguntza zentro batera eraman ditu. Bitartean, ama etxebizitzara iritsi da gau osoan kanpoan izan eta gero eta ertzainek atxilotu egin dute adingabeak abandonatu izana egotzita.
Era berean, aita bertara deitu eta atxilotu egin dute, kartzelan sartzeko bi agindu zituelako.