Gizartea -

'Pepinoen krisia'

Bengoak esan du ustez 'E. colia' duen gaixoak larri jarraitzen duela

Europar Batasunak pepinoen inguruan ezarritako osasun alerta "datozen orduetan" erretiratuko duela uste du Espainiako Gobernuak. Alemaniak, berriz, Hanburgok egindako kudeaketa babesten jarraitzen du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia Ospitalean zaintza intentsiboko unitatean ingresatuta dagoen gipuzkoarrak larri jarraitzen duela adierazi du Rafael Bengoa Osasun sailburuak eta "itxura guztien arabera" E. coli bakterioak sortutako infekzioa duela esan du.

Hala ere, osasun sailburuak esan duenez, litekeena da laborategiko emaitzek berriro negatibo ematea gaixoa antibiotikoak hartzen ari delako eta horrek pairatzen duena estali dezakelako.

Gaixoari E. coli bakterioaren infekzioa atzemateko egindako analisiek negatibo eman zuten atzo, baina medikuek ez dute baztertzen hesteetako kaltea eragiten duen gaixotasunak jota egotea.

Osasun arloko iturrien arabera, froga mikrobiologikoaren emaitza ez da erabakigarria, antibiotikoek gaixotasuna estali baitezake, Europan aztertu dituzten 398 kasutatik % 48tan hala gertatu da.

Pepinoen inguruan ezarritako alerta "datozen orduetan" erretiratuko dela uste du Espainiako Gobernuak.

Europar Batasunak pepinoen inguruan ezarritako osasun alerta "datozen orduetan" erretiratuko duen ustea du Espainiako Gobernuak, egindako azterketen emaitzek pepinoak "erabat garbiak" direla egiaztatu eta gero. Hala adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Andaluziako barazki eta fruitu sektorearen inguruko ordezkariekin bilera egin eta gero.

Piztutako osasun alarmaren ondorioz Espainiako ekoizleek kalte handiak jasan dituzte eta horiei aurre egin ahal izateko Europar Batasunak "mekanismo desberdinak" dituela azaldu du Rubalcabak.

Kalte-ordainak galeren zenbaketa zehatza egin ostean eskatuko direla azaldu du presidenteordeak, "ez da eskatzeagatik eskatu behar, bidezkoa dena baizik", erantsi du.

Alemaniak egindako kudeaketa defendatzen jarraitzen du

Ilse Aigner Alemaniako Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako ministroak Hanburgoko agintariek egindako kudeaketa defendatu du. Espainiako pepinoetan "eragile patogeno bat" atzeman zutela adierazi du eta horregatik ohartarazi zutela pepino horiek kontsumitzeak zuen arriskuaz.

Halaber, pepino, letxuga eta tomateen kontsumoaren inguruko alertak indarrean jarraitzen duela adierazi du, E. Coli bakterioak sortutako infekzioaren jatorria oraindik ez dutelako atzeman.

Berak zuzentzen duen ministerioaren lehentasuna pertsonak direla azpimarratu du Ilse Aigenerrek Parlamentuko Nekazaritza eta Kontsumitzaileen Babeserako batzordearekin bildu aurretik.

Kutsaduraren jatorria topatzeko eskatu dio Bruselak Alemariari

John Dalli Osasunerako eta Kontsumitzaileen Babeserako europako komisarioak kutsaduraren jatorria zein den topatzeko "ahaleginak indartzeko" eskatu die Alemaniako agintariei.

"Europar Batasuneko kideei, Alemaniari batik bat, egoera honi aurre egiteko ahaleginak indartzeko eskatzen diet", adierazi du Bruselan emandako elkarrizketa batean.

Alemaniak E coli bakterioa ez zela Espainiako pepinoen bitartez zabaldu aitortu zuen atzo, baina oraindik ez du kutsaduraren jatorriarekin jo.

Bitartean, komisarioak "lasaitasuna" eskatu du eta Espainiako barazki eta fruituen salerosketa blokeatzeko neurriak "neurrigabeak" direla azpimarratu du, kutsaduraren "gunea Hanburgon dagoelako", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea