Gizartea -

15-M mugimendua

Madrilgo eta Bartzelonako 'suminduek' kanpaldiari eustea erabaki dute

Bilbon ere epemugarik gabe jarraituko dute. Espainiako hiriburuan kanpaldia "berregituratzea" ari dira aztertzen eta Bartzelonan protesta auzoetara deszentralizatu nahi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak parte hartu du Puerta del Soleko kanpaldian egin dituzten asanbladetan eta azkenean Madrilgo aipatu plazan jarraitzea erabaki dute, baina kanpaldia "berregituratu" ala ez aztertuko dute datozen orduetan.

Democracia Real Ya mugimenduak Madril erdigunean manifestazioa egin eta bi astera, asanblada irekiak egin dituzte Puerta del Solen maiatzaren 15eko mugimenduko batzordeetan adostutako proposamenak plazaratzeko.

Batzordeek kanpaldia altxatu eta protesta herrietara eta auzoetara zabaltzeko akordioa lotu nahi zuten, baina ezin izan zuten lortu.

Izan ere, Puerta del Soleko batzorde politikoak baztertu egin zuen aukera hori eta plazatik alde egitearen kontrako iritzia eman zuen. Asanbladan eztabaidatu ondoren, azkenean Puerta del Solen jarraitzea adostu zuten eta aurrerago erabakiko omen dute epemugarik jarriko ote dioten protestari edo helburu batzuk lortu arte jarraituko duten.

Bartzelona

Bartzelonako Catalunya plazan 14 egun daramatzaten ''suminduek'' gutxienez datorren asteartera arte bertan jarraitzea erabaki dute eta protesta deszentralizatzeko helburuarekin egingo dute lan.

Ehunka pertsonak parte hartu du erabakia hartzeko asanbladan. Aurretik, Paco Ibañez kantariak pieza batzuk eskaini ditu giroa berotzeko.

Kanpaldiko iturriek jakitera eman dutenez, protesta auzoetara zabaltzeko lana ez dute amaitu, eta ezin izan dute plazako protesta utzi.

Azken bi asteotan gorabehera handiak bizi izan ditu Catalunya plazako kanpaldiak. Bereziki gogorra izan zen aurreko ostiralean ingurua jendez hustu zutenean. Esquadra Mossoek ehundik gora lagun zauritu zituzten lekua garbitzeko aitzakian.

Bilbo

"Democracia Real Ya" mugimenduak ez du, momentuz, Arriaga plazako kanpalekua bertan behera uzteko arrazoirik ikusten, "oraindik egiteko asko geratzen delako".

Hori da, hain zuzen, bozeramaileetako batek Efe albiste agentziari esan diona. Bozeramaile honen arabera, igandeko 20:00etarako deitutako batzarran hurrengo egunetarako "antolaketaren inguruko eztabaida" izan dute. "Ez dugu arrazoirik ikusten joan egingo garen ala ez eztabaidatzeko", adierazi du.

Bilboko batzarran 300 pertsona inguruk hartu dute parte eta kanpaldia uzteko inolako denbora eperik ez dutela adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea