Gizartea -

Madrilen

Hauteskunde Batzordeak Puerta del Soleko elkarretaratzea debekatu du

Soleko elkarretaratzeko partehartzaileen hitzetan, plazatik ateratzen saiatzen badira "modu baketsuan" gelditzen saiatuko dira, eta plazatik ateratzen badituzte bihar itzuliko direla ziurtatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Probintziako Hauteskunde Batzordeak Puerta del Soleko kanpaldiaren inguruko ekitaldien barnean gaur arratsalderako deituta zegoen elkarretaratzea debekatu du. Joan den maiatzaren 15etik, hainbat lagun kanpaldia egiten ari dira Madrilen eta beste hiri batzuetan, aldaketa politiko eta sozialak eskatzeko.

Erabakia arratsaldeko lehen orduan hartu du Hauteskunde Batzordeak, atzo zenbait lagunek egindako eskariaren ostean; erabaki horren arabera, "ez dago aparteko arrazoirik 24 orduan premiazko deialdirik egiteko", Hauteskunde Batzordetik Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Madrilgo Hauteskunde Batzordearen hitzetan, “deialdia egin dutenek botoa erantzukizunez emateko eskatzeak eragina izan lezake hauteskunde-kanpainan eta herritarren boto eskubidean".

Hauteskunde Batzordeak erabakia jakinarazi dio Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari. Azken hitza Hauteskunde Batzordeak zuela jakinarazi die gaur goizean Gobernuaren ordezkariak protestaren zenbait deitzaileri.

Atzoko elkarretaratzeak milaka lagun bildu zituen arratsaldean Puerta del Solen; krisi ekonomikoaren aurrean egindako erantzun politikoak zalantzan jarri dituzte herritar horiek guztiek.

Partehartzaileen adierazpenak

Puerta del Solen elkarretaratzea egiten ari den bozeramailetako baten hitzetan, "modu baketsuan" eutsiko diote protestari eta kaleratzen badituzte bihar bueltatuko dira.

Horiek izan dira Juan izena duen bozeramailearen adierazpenak Madrilgo Hauteskunde-batzordearen erabakia ezagutu ostean.

Carlota Jover, kanpaldiko beste bozeramaile baten esanetan, ez dute "modu ofizialean" Hauteskunde-batzordearen erabakia jaso, "iturri ez ofizialen bidez" baino.

Joverrentzat, Hauteskunde-batzordearen erabakiak "ez du indar loteslerik, eta beraz, ez dute ezer debekatu".

Halaber, Granadako elkarretaratzea debekatu dute.

Bilbon

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea