Gizartea -
Twitter bidez
Elkarretaratze berria deitu dute gaur Madrilgo Puerta del Solen
Bilbon eta Donostian ere elkarretaratzea egingo dute arratsaldean, Arriaga Antzokiaren aurrean eta Boulevardean. Epaileak aske utzi ditu goizean atxilotutako 18 gazteak.
Erredakzioa
Iragan larunbatean Madrilgo Puerta del Sol plazan egindako elkarretaratzeko partehartzaileek deia egin dute gaur iluntzean protesta berria egiteko. Twitter bidez egin dute deialdia, eta protesten azken irudiak Youtuben igorri dituzte. Bart iluntzean poliziak Puerta del Soletik bota zituen, eta horrek areagotu egin ditu Internet bidezko kritikak.
''Benetako demokraziaren alde'' lelopean egindako mugimenduak kanpaldia egin zuen Madrilgo Puerta del Sol plazan. Bart, poliziak hustu egin ditu, eta gaur eguerdian atxilotuek deklaratu egin dute.
Bart hainbatetan entzun da ''Indarkeriarik ez'' leloa, eta, esaldi hori Twitterrera ere eraman dute. Atzo bi ''hastag'' agertu ziren sare sozialean kanpaldiaren inguruan (#acampadasol eta #spanishrevolution), eta gaur beste bi gailendu dira.
Lehengoa gaueko 5:00etan agertu da: #nonosvamos. Gai honen bitartez, Poliziak erabilitako "indarkeria" salatu dute.
Twitterreko erabiltzaileek elkarretaratze berria deitu dute, gaur arratsalderako. 20:00etan hasiko da, Puerta del Sol plazan. Gobernuko kideei protesta honetara etortzeko gonbitea luzatu diete. Horrez gain, igandera arte, Puerta del Sol plazan kanpaldia egiteko baimena exijitu dute.
Bestalde, poliziak atxilotutako 18 gazteak aske utzi ditu epaileak gaur arratsaldean.
Bilbo ere kalera irtengo da
Bilbotarrak ere Twitterren bidez antolatzen ari dira Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean beste elkarretaratze bat egiteko. #acampadabilbao eta #nonosvamos hastagen bidez giroa berotzen ari dira Sarean. Hitzordua aipatutako lekuan izango da arratsaldeko 20:00etan. Aldez aurretik, 17:00etan, batzarra bat egingo dute tartean, egungo egoera ekonomiari buruz eztabaidatzeko.
Era berean, Donostiak protestekin bat egingo du, Boulevardean, 20:00etan.
Gainera, ''Democracia real ya'' mugimenduko Bilboko kideek batzarra egingo dute Bizkaiko hiriburuan protesta ekitaldi gehiago egin ala ez erabakitzeko, iragan igandean aldaketa politiko eta soziala eskatzeko egindako manifestaldiaren ostean.
Elkarretaratzeak Estatuan
Bestalde, Estatuko hiri nagusienek ere elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsalderako: Bartzelonan (Katalunia Plazan), Huelvan (Antiguo Colombino Plazan), Sevillan (Encarnación plazan), Malagan (Konstituzio plazan), Granadan (Salon pasealekuan) edota Murtzian (Glorieta I etorbidean) protestak egingo dituzte.
Alakanten, Valentzian, Mallorcan, Vigon, Gijon, Santanderren, Burgosen eta Tenerifen ere elkarretaratzeak deitu dituzte.