Gizartea -
Nazioartean
Puerta del Soleko kanpaldia, Twitterreko gai nagusia
Puerta del Solen (Madril) aldaketa politikoaren alde egiten ari diren kanpaldia lehena zen nazioarteko microblogging sareko gai nagusien zerrendan.
Erredakzioa
Atzo hasitako protestari jarraipena emateko eta aurretik antolatu gabe Puerta del Solen (Madril) egiten ari diren kanpaldia Twitterreko gai nagusia da nazioartean, #acampadaensol etiketaren bidez. Igandean ''benetako demokraziaren aldeko'' manifestazioa egin zuten Madrilen.
17:20an ''hashtag'' hori gai nagusia zen nazioarteko microblogging sareko hamar gai nabarmenduen zerrendan. Espainia mailan, #spanishrevolution etiketa izan da nagusi, eta #acampadaensol ere lehen hamarren artean dago.
Atzo arratsaldean Espainiako 50 hiritan baino gehiagotan mobilizazioak egin ostean, gero eta garrantzi gehiago bereganatzen ari da gaia, eta gero eta gehiago ari da hazten haren inguruko zurrumurrua Twitterren.
Gero eta erabiltzaile gehiago ari dira mobilizazioaz idazten, eta gai horrekin zerikusia duten mezuek nazioartean ere hartu dute oihartzuna; trending topic (unean uneko gaia) ere bihurtu dira.
Etiketa horiei esker, Madrilgo Puerta del Solen kanpatuta daudenei laguntza heltzen ari zaie. Bilkurak maiatzaren 22ra arte iraungo du, hauteskunde egunera arte, hain zuzen. ''Hashtag'' horren bidez elkarretaratze horrekin bat egin, zabaldu eta informazioa eman daiteke.