Gizartea -
Itun aitzindaria
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako lehen ituna sinatu du Europak
Europako Kontseiluko 47 Estatuk gai honi buruzko kontinente osoko legediak parekatu nahi dituen testua aurkeztu dute.
Erredakzioa
Emakumeen kontrako indarkeria Europa mailan borrokatzeko lehen ituna aurkeztu dute asteazken honetan Europako Kontseiluko 47 Estatuk. Itun aitzindari honek gai honi buruz kontinente osoko legediak parekatzea du helburu.
Urte eta erdia eman dute "Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzeko eta hura saihesteko Europako hitzarmena" izenburuko testua negoziatzen eta asteazken honetan, lehenengo 20 Estatuk berretsi dute, tartean Espainiak, Istanbulen izandako Europako Kontseiluko bileran.
Itunak 81 artikulu ditu eta Kontseilu honen kideak diren herrialdeen legedia parekatzeko asmoa du, Vatikanoa, Bielorrusia, Kazajistan, Kosovo, Abjasia, Hego Osetia, Nagorno-Karabaj, Txipre Iparraldeko Errepublika Turkoa eta Transnistria estatuak salbu. Ekimen honen sustatzaileen aburuz, "Estatuen gehiengo handiak berretsiko du ituna", ondoren haien legealdi propioan ezartzeko.
Itunak indarkeria fisikoaren eta sexualaren aurkako neurriak aurreikusten ditu eta baita nahitaezko ezkontzak, klitoriaren ablazioa eta ohorezko krimenak ere. Gainera, sexismoa saihesteko hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du.
Halaber, hitzarmenaren beste puntu batek genero indarkeria pairatu dutenak babestea, doako defentsa eskaintzea eta biktimentzako babesa zentroak sortzea aurreikusten ditu.
Behin herrialde guztiak onartuta, bakoitzak bere legedia moldatu beharko du, "emakumeen kontrako indarkeriaren" delitua jasotzeko, eta prebentzioa eta hezkuntza neurriak martxan jartzeko.