Gizartea -

Ikastolen jaia

Jendetza batu da Gasteizen, eguraldia lagun, Araba Euskaraz jaian

Arabako ikastolen aldeko jaian, ‘Gertu’ lelopean, Bildutako dirua beka-sistema bat sortzeko erabiliko dute Armentia ikastolan.

Araba Euskaraz, gaur, Gasteizen. Argazkia: Radio Vitoria.
Araba Euskaraz, Gasteizen.
Aurtengo Araba Euskaraz arrakastatsua izan da, antolatzaileek diotenez

0:55

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba Euskaraz jaia ospatzen ari dira Gasteizen, Armentia Ikastolak antolatuta. Urte osoan egindako lanak fruituak ematen ari da igande honetan eta milaka euskaltzale gerturatu dira, eguraldia lagun. ‘Gertu’ lelopean antolatu dute jaia Gasteizen, eta bildutako dirua beka-sistema bat sortzera bideratuko dute.

Antolatzaileen arabera, Gasteizko familia guztiek euren egoera ekonomikoa edozein izanda ere, euren seme-alabak ikastolan matrikulatzeko aukera izan behar dute, eta helburu horrekin sortuko dute beka-sistema. Horrez gain, hezkuntza proiektua garatzeko eta kirol instalazioak hobetzeko ere erabiliko dute batutako dirua.

Jaiaren irekiera ekitaldian kultur aniztasunean ere jarri dute azpimarra, eta bertan izan dira, besteak beste, Cristina Uriarte, Beatriz Artolazabal eta Estefania Beltran de Heredia Hezkuntza, Lan eta Segurtasun sailburuak, hurrenez hurren; Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia; Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea; eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.

Ikastolak Amurrioko Arisketari eman dio lekukoa, bertan antolatuko baitute 2020ko Araba Euskaraz.

Segregazioa

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere bertan zegoen, eta iristen diren ikasle migratzaileez hitz egin du, Eskolatze Batzordeetan "hezkuntza eragileok ere parte hartzea" eskatzeko, irizpideak aldatu ahal izateko. Horren harira, gogorarazi duenez, "ikasturte honetan ikusi dugu Bizkaian zeharo aldatu dituztela irizpideak eta modu orekatuan bideratu dituztela haur hauek. Gipuzkoako eskualde batzuetan ere bai, baina ez denetan. Araban, aldiz, eta Gasteizen bereziki, ez dira batere aldatu irizpideak, eta ondorioz, egoera okerrera doa. Ez dugu ulertzen zergatik den hori".

Tellituk "ikasleen inklusioa euskaratik eta euskal kulturatik izan dadin" eskatu du, "gizarte segregazio arriskuaz gain, hizkuntza segregazio arriskua ere bai baitago". Azkenik, ikastolek "harrera planak gaurkotu" dituztela azpimarratu du, "atzerritar jatorriko ikasleak ahalik eta azkarren eta egokien integratu daitezen".

Ekitaldiak egun osoan

Egitarau oparoa prestatu duteeta adin eta gustu guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Horretako, lau gune prestatu dituzte: Prado parkea, Mineral ingurua, Armentia Ikastola eta Armentiako zelaia.

Prado parkean Potx eta Lotx pailazoak izan dira protagonistak Kittu txarangako kideekin batera. Gune horretan, gainera, Osakidetzak lehen sorospenenei buruzko bi tailer antolatu ditu 8 urteko umeentzat. Arratsaldean, Oxabi Erromeri Taldearen musika ere izan da.

Mineral inguruan Eusko Label izendapena duten produktuak dastatzeko aukera izan da. Horrez gain, Arabako Artisauek euren produktuak aurkeztu dituzte.

Armentia Ikastolan txikiek Erronkan parte hartu ahal izango dute. Ginkana moduko batean euren trebezia erakutsi ahal izango dute. Imanol Ituño magoa ere bertan izango da, bertsolarien emankizunarekin batera. Ikastolan egingo dute, gainera, herri bazkaria.

HIRU3 gunea bertan egon da kokatuta eta hainbat ekitaldi izango dira gaztetxoenei zuzenduta. Gorritxo galtzagorria egon da umeak agurtzen eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izan da. Eguerdian, Ene Kantakek emanaldia eskaini du.

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak ez dira falta izan, ez eta Skabidean eta Ze esatek! taldeak ere. Gainera, munduko musikak entzuteko aukera izan da egunean zehar; zehazki, Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin gozatzeko aukera egon da Armentiako zelaietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Araba Euskaraz argazkiak Gizartea Gasteiz Albisteak