Gizartea -
Bizkaiko ikastolen jaia
Galerak aurreikusi ditu Lekeitioko Ibilaldiak eta laguntza eskatu du
Eguraldi txarra dela eta, uste baino jende gutxiago hurbildu da Lekeitiora. Atsekabetuta daude antolatzaileak eta laguntza emateko kontu korronteak zabaldu dituzte.
eitb.eus
10:00etan eman diote hasiera Lekeition Bizkaiko ikastolen festari. Aurtengoan, Azkue ikastolak hartu du bere gain Ibilaldiaren 40. edizioaren antolakuntza, eta ilusio handia bazuten ere, eguraldiak zapuztu egin die hein handi batean jaia.
Euria dela eta, 4. gunea (Santa Katalina faroa) itxi egin behar izan dute goizean segurtasunagatik, eta bertako kontzertuak Hara, Esne Beltza eta Sustrajah Band, besteak beste, beste gune batzuetara bideratu dituzte. 15:30ean 3. gunea ixtea erabaki dute eta bertako kontzertuak beste bi guneetara mugitu dira.
Irekitako bi guneetan aurreikusitako ekintzak egin dira: HA (Azkue ikastola) eta RA (Plaza-parkea eta portua) inguruetan, alegia.
Ibilaldiko antolatzaileek Euskadi Irratiari esan diotenez, triste daude eguraldiak nahi zutena baino jende gutxiago eraman duelako Lekeitiora. Arratsaldean giro hobea egingo duenez, bertaratzeko dei berezia egin diete euskaltzaleei, eta etxean geratu baina lagundu nahi dutenentzat bi kontu korronte zenbaki egin dituzte publiko: LABORAL KUTXA ES83 3035 0042 92 0420028507 / KUTXABANK ES86 2095 0114 60 9117934827
Euren atsekabea adierazi dute komunikabideetara bidalitako oharrean ere: "Urte guztia daramagu ilusioz lanean gaurko eguna aurrera ateratzeko. Eguraldiak gure lana zapuztu duenez, Euskal komunitatearen laguntza behar dugu". "Hurrengo egunetan egingo da balorazio orokorra jaiak emaniko laguntza ekonomikoa zenbatekoa izan den jakiteko", baina lehen balantzearen arabera, eguraldiaren eraginez galera ekonomikoak aurreikusi dituzte antolatzaileek eta sostengu eskaera berretsi dute.
BIDEOA: Ibon Goitia, Azkue ikastolako zuzendaria: 'Inbertsio potentea egin behar izan dugu, eta ez gara hori ordaintzera iritsiko':