Gizartea -
Trafikoa
Pertsona bat hil eta beste bat larri zauritu da A-8an, Muskizen, izan den istripuan
Hiru autok elkar jo dute bart, Kantabriarako noranzkoan. Hildakoa 54 urteko gizonezkoa da, Castro Urdialesekoa. Larri zauritutako pertsona 28 urteko emakume zarauztarra da.
EITB.EUS
54 urteko gizonezko bat hil da bart, A-8an, Muskizen (Bizkaia), izan den istripu batean. Gainera, 28 urteko emakume bat larri zauritu da talkan.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, istripua bart izan da, 22:25ean. Hiru autok elkar jo dute Kantabriarako noranzkoan zihoazenean, Kobaronen parean.
Talkaren ondorioz, bi autotako gidariak atera ezinik geratu dira, autoen barruan.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, besteak beste, suhiltzaile talde bat, biktimak erreskatatzeko.
Oso zauri larriak izan dizutenez, auto bateko gidaria, 54 urtekoa eta Castro Urdialeseko bizilaguna, hil egin da.
Atera ezinik geratu den gidaria, 28 urteko emakume zarauztarra, erreskatatu eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute anbulantziaz.
Istripuan beste auto batek ere talka egin du, baina barruan zihoazen bost pertsonak onik atera dira.
Ezbeharraren ondorioz, erreiak itxi behar izan dituzte Kantabriarako noranzkoan, biktimak artatu eta ibilgailuak errepidetik kentzen zituzten bitartean.
Ertzaintzako agenteek trafikoa desbideratu dute N-634 errepidetik. Erreskate eta garbiketa lanak egin bitartean, auto ilarak sortu dira, baina 01:45ean egoera normaltasunera itzuli da.
Ertzaintzak ikerketa abiarazi du gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.