Gizartea -

apirilaren 17tik 22ra

490.000 joan-etorri izango dira EAEn Aste Santuan

2018an baino % 6,9 joan-etorri gehiago espero ditu Jaurlaritzak, betiere klimatologiaren arabera. Bestalde, 200 ertzainek zaindu eta kontrolatuko dute trafikoa apirilaren 17tik 22ra.

Auto-ilarak EAEko errepide batean. Artxiboko argazkia: eitb.eus
Auto-ilarak EAEko errepide batean
Auto-ilarak EAEko errepide batean. Artxiboko argazkia: eitb.eus

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 490.000 joan-etorri aurreikusi ditu Aste Santurako, 2018an baino % 6,9 gehiago, betiere klimatologiaren arabera.

Apirilaren 17tik 22ra bitartean izango diren joan-etorriek trafikoan izan dezaketen eragina minimizatzeko neurriak aurkeztu ditu ostiral honetan Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak.

"Meteorologia lagun, Aste Santu honetan % 6,9 gehituko da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetako irteerako eta itzulerako joan-etorrien kopurua, betiere, 2018an aldi horretan izan zen trafikoarekin alderatuta, joan den urtean eguraldi txarrak baldintzatu baitzuen kopuru hori", adierazi du Diaz de Corcuerak. Horrez gain, 200 ertzainek zaindu eta kontrolatuko dute trafikoa, ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin.

Arrisku-faktoreei buruzko kontzientziazioan oinarritzen da aurten Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak apirilaren 17an, Aste Santuko jaiegunen hasieran, abian jarriko duen 'Gidatu, besterik ez' kanpaina. Arrisku faktoreen artean nabarmentzen ditu, batetik, deskuiduak, alkoholaren edo drogen kontsumoa, abiadura desegokia edo gehiegizko abiadura eta nekea, eta, bestetik, motozaleen babesa.

Apirilaren 17tik maiatzaren 5era bitartean, telebistaz, irratiz eta sare sozialen bidez hedatuko den kanpainaren helburua da istripu-tasa murriztea. Aurreko urteetan Aste Santuko istripu-tasa horrek behera egin du, eta 2012. urtetik, Aste Santuko egun horietan, ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan izandako trafiko-istripuetan (2012an bi hildako izan ziren Araban).

Istripuen kopuruari dagokionez, Aste Santu hauetan beherako joerari eutsi zaio; 123 istripu izan ziren 2012an, 107 izan ziren 2013an, 100 izan ziren 2014an, 99 izan ziren 2015ean, 73 izan ziren 2016an, 88 izan ziren 2017an (igoera txiki bat izan zen) eta 78 izan ziren 2018an.

Zirkulazio-fluxu handienak izango dituzten errepideak

Trafikoko zuzendariak aditzera eman duenez, errepide-sareko puntu hauetan izango dira, segur aski, zirkulazio-fluxurik handienak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen. Azken puntu horretan, ikusiko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren.

Irteera operazioan, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handiak izan ohi dira asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 09:00etatik 15:00etara. Itzuleran, Bilborako bidean, ibilgailuen kontzentraziorik handiena izaten da Pazko Astelehenean, 13:00etatik 21:00etara. Dena dela, azken urte hauetan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaian; bai, ordea, Kantabrian.

AP-8 autobidean, auto-ilararik handienak Biriatuko ordainsarian (Frantziako noranzkoan) asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santu goizean, 08:30etik 16:00etara, izaten dira. Era berean, Pazko Astelehena Frantzian jaieguna denez, ostiralean zein larunbatean ere trafiko handia izaten da Donostiarantz.

Euskal errepide-sarearen hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 errepideen elkargunea da, Armiñonen. AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñon arteko tartea liberatu denez, aurreikuspenen arabera, gora egingo du AP-1etik ibiliko diren ibilgailuen kopuruak. Hartara, Trafiko Zuzendaritzak —Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoiekin lankidetzan— eutsi egingo die azken urte hauetan Armiñongo elkargunean zirkulazioa arintzeko hartu dituen neurriei. Batetik, irteeran (hau da, asteazkenean, apirilaren 17an, arratsaldean, eta Ostegun Santuan, apirilaren 18an, goizean), A-1 errepidean auto-ilarak sor daitezkeela aurreikusita, behin-behineko trafiko-seinaleak jarriko dituzte N-1 errepidea ordezko bide gisa gomendatzeko Argantzon (A-1, 334 km) eta Armiñongo A-1/AP-1 errepideen arteko elkargunearen artean (A-1, 328 km). Bestalde, itzuleran (Pazko Astelehenean, apirilaren 22an), seinale eta kono bidezko operatiboa jarriko dute AP-1 errepidetik A-1 errepidera, Gasteizko noranzkoan, etenik gabe eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzeko, bidea emateko geldialdirik egin behar izan gabe.

Hegaldiak Loiun, Aste Santuan

Bestalde, Bilboko Aireportuak charter hegaldiak prestatu ditu Ostegun Santutik Pazko Astelehenera helmuga hauetara jotzeko: Praga, Berlin, Erroma, Pisa, Edinburgo, Tenerife, Lanzarote, Tunis eta Islandia.

Guztira 1.548 hegaldi izango dira gaur hasi eta Pazko Astelehenera arte. Egunez egun, hauek izango dira hegaldien kopurua: apirilaren 12an, 157 hegaldi izango dira; 13an (larunbata), 122; 14an (igandea), 143; 15ean (astelehena), 132; 16an (asteartea), 125; 17an (asteazkena), 152; 18an (osteguna), 148; 19an (ostirala), 140; 20an (larunbata), 120; 21ean (igandea), 141; eta 22an (astelehena), 168.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea A-8 Autobidea