Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Foruzaingoak Beriaingo hilketaren ustezko egilea atxilotu du
EITBk jakin izan duenez, atzemandakoa biktimaren bikotekide ohia da. Yanela Zarumaren gorpua atzo aurkitu zuten La Morea lakuan, eta indarkeria zantzuak zituen. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
Erredakzioa
Foruzaingoak gizon bat atxilotu du bart Beriaingo (Nafarroa) krimenaren harira, EITBk jakin izan duenez.
Atzemandakoa biktimaren bikotekide ohia da, eta hilketaren egilea izatea egozten diote.
Yanela Zaruma (22 urtekoa) Burlatan bizi zen, baina Ekuadorkoa zen eta atxilotutakoarekin batera 3 urteko alaba zuen, baina egun bikotekidearengandik bananduta zegoen.
Berdintasunerako Nafarroako&' || 'nbsp;Institutuaren datuen arabera, emakumezkoak ez zuen inoiz jarri gizonaren aurkako tratu txar salaketarik.
Gorpua 07:40an topatu zuen atzo La Moreaik paseatzen ari zen herritar batek.
Eremua industriagune baten alboan dago, eta parkea ez bada ere, handik pertsona asko pasatzen dira, Rafael Blanco alkateak baieztatu duenez. Halaber, gauez, hots, inor ez dagoenean, posible da ibilgailuarekin ur-bazterra arte hurbiltzea (gorpua han topatu zuten).
Salatzea, ezinbestekoa
Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren datuen arabera, emakumezkoak ez zuen tratu txar salaketarik jarri bikotekidearen aurka.
Hori horrela, Institutuko presidenteak, Sara Ibarrolak, "mesedez" eskatu die tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeei laguntza eskatzeko erakunde publikoei, lagunei edo senideei eta, ahal dutenean, salaketa jartzeko.
"Ez dago arrazoirik oinarrizko eskubideak urratzen dituzten egoera hauek jasateko", gaineratu du.
Atxiloketaren berri izan baino lehen, Ibarrolak aurreratu zuen elkarretaratzea deituko dutela gertatutakoa indarkeria matxista auzia dela baieztatzen bada.
Halaber, prozesu judizialean herri askuzazio gisa aurkeztuko direla erantsi zuen.
Elkarretaratzeak Iruñean eta Burlatan
Bestalde, hilketa dela-eta elkarretaratzeak egin dituzte Iruñean eta Burlatan. Era berean, Burlatako Udalak adierazpen bateratua onartu du eta gertakariak gaitzetsi ditu. Gainera, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko gizartearen inplikazioa eskatu du Udalak.